GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskara ahotik mundura zabalduko du Tolosak 2013ko Kilometroetan

«Ahora» leloaren aterkipean antolatuko du Tolosako Laskorain ikastolak datorren urtean Kilometroak jaia. Lan handia dago aurretik egiteko, baina, leloaz gain, logotipoa eta bilduko den diruarekin egin nahi dituzten proiektuak ere aurkeztu zituzten atzo jada tolosarrek.

p018_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Andoainek Tolosari pasa dio Kilometroak jaia antolatzeko lekukoa. Datorren urriaren 6an «Ahora» lelopean Laskorain ikastolak milaka euskaltzaleren bisita jasoko du, baina ordura arte, aurretik, lan handia dago egiteko. Hain zuzen ere, dituzten helburuak zeintzuk diren eta hurrengo edizioaren nondik norakoak aurkeztu zituzten atzo.

Ikastolak gaur egun 1.500 ikasle baino gehiago ditu, eta horiei guztiei leku egiteko Tolosako Sakramentinoetako lur eremua erosi eta hamar ikasgela egiteko eraikuntza amaitu berri dute. Lan horiek direla-eta, ikastolen aldeko festan bildutako dirua inbertsio gastuei aurre egiteko baliatu nahi dute lehenik eta behin.

Egindako inbertsioei aurre egiteko, hurrengo urteetan bideragarritasun plan zorrotza bete beharko dutela aurreratu zuten. Planaren oinarrietako bat Hezkuntza Sailetik dagokien finantzazioa lortzea da, hau da, funtzionamenduan dituzten gela guztiak itunduak izatea eta itun horri dagozkion diru laguntzak jasotzea.

Bigarren helburua zentroak euskarazko ikaskuntza eta irakaskuntza eredu gisa duen erreferentzialtasuna aldarrikatzea da. Hala, alor horretan izandako emaitza positiboak eskualdeko euskalgintza eta irakaskuntza alorreko beste eragile eta herritarrekin elkarbanatzea da asmoa.

Azkenik, euskararen presentzian eta erabileran beste pauso bat emateko egokiera aprobetxatzea dute xede. Euskararekiko jarrera eta euskararen jakintza esparruak aktiboki eta sistematikoki zabaltzea dute xede «erabilera sustatuz», atzoko aurkezpenean azpimarratu zutenez.

Ahotik mundura

Logotipoari eta leloari buruz ere aritu ziren. Antolatzaileen aburuz mezu argia igortzen du «Ahora» hitzak, arreta erabileran jarriz. Hori bai, erabilera ez dela «ahoa bakarrik» ohartarazi nahi izan zuten. «Gure ahoak bunbuilo bat dauka, gure ahoa komunikazioa da. Euskara ahora, eztarrira, belarrira, lagunartera, sare sozialetara, kalera... atera behar da», aldarrikatu zuten.

Hamar hilabete gelditzen dira oraindik, baina 2013ko Kilometroak jaiak horixe izan behar duela erantsi zuten, jaia, «euskararen festa». «Urtean zehar nahiz urriaren lehen igandean festan murgiltzeko ahalegin sendoa egingo dugula berresten dugu. Antolatzaileok konpromisoa hartu nahi dugu festarekin», esan zuten.

DENDA

Arropa eta gainontzeko material osagarria salgai duen denda irekita dago Tolosako Korreo kalean. Astelehenetik larunbatera, 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo