LABek bat egin du Donostiako euskararen aldeko martxarekin
GARA | DONOSTIA
LAB sindikatuak datorren abenduaren 1ean Donostian Kontseiluak deituta egingo den manifestazioarekin bat egin duela iragarri zuen atzo, eta, bide batez, bertan parte hartzeko deia zabaldu zuen.
Euskal Herri osorako eta kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea aldarrikatzeaz gain, «euskarak berezko estatusa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa» izan behar duela iritzi zuen LABek.
Eskaera gehiago egin zituen sindikatuak, besteak beste, lan munduan euskararen normalizazio prozesuak modu planifikatu eta eraginkorrean martxan jartzea. Hala, horretarako eskumena duten eragile, erakunde eta norbanakoei neurriak hartzeko eskatu zien. Bide horretan, abenduaren 2tik aurrera lan mundua euskalduntzearen aldeko dinamiketan inplikatzearen beharraz ohartarazi zuen LABek.
Manifestazioa 17.00etan abiatuko da, Anoetatik.