GARA > Idatzia > Mundua

Italiako zentro-ezkerraren hautagaia igandeko bigarren itzulian ezagutuko da

Italiako zentro-ezkerraren burua hautatzeko hauteskundeen bigarren itzulia egin beharko da abenduaren 2an. Bi hautagai daude, batetik, Pier Luigi Bersani Alderdi Demokrataren idazkari nagusia eta komunista ohia, eta, bestetik, Matteo Renzi Florentziako alkatea.

p021_f01_199x116.jpg

GARA | ERROMA

Italiako zentro-ezkerraren buru berria abenduaren 2an hautatuko dute. Igandean egin zituzten hauteskunde primarioetan hiru milioitik gora hauteslek parte hartu zuten. Aurkeztu ziren lau hautagaietatik inork botoen %50 gainditu ez zuenez, beharrezkoa izango da bigarren itzulia egitea. Pier Luigi Bersanik bozen %44,9 lortu zituen; Matteo Renzik, %35,5; Nichi Vendolak -Ezkerra, Ekologia eta Askatasuna taldeko buruzagiak- %15,6; Laura Puppatok, %2,6; eta Bruno Tabaccik, %1,4.

Alderdi Demokrataren idazkari nagusia da 61 urteko Bersani. Alderdi Komunistako kide ohia, politikagintzan eskarmentu handia du. Romano Prodirekin eta Massimo D'Alemarekin ministro izandakoa da. Betiko ezkerra ordezkatzen du. 2013ko martxoan edo apirilean egingo diren hauteskundeak irabaztekotan, Mario Montiren Gobernuak egindako erreformak aldatuko dituela hitzeman du Bersanik.

Renzi Florentziako alkatea, berriz, gazteagoa da. Finantza munduarekin lotura du eta zentro-ezkerraren ertz katolikoan du bere oinarri ideologikoa. Klase politikoa errotik aldatzearen aldekoa da. Montik onartu dituen hainbat neurriren alde dago, esaterako erretiro-pentsioen moldaketa -erretiroa hartzeko adina 67 urtera igo dute Italian-. Hortaz, bi ikuspuntu zeharo desberdin dituzte Bursani eta Renzik. Ados daude, hori bai, hauteskunde programak izatezko bikoteen babesa, dibortzio azkarra edota lagundutako ugalketa teknikak barne hartu behar dituela.

Adituen arabera, biek irabazteko aukera berberak dituzte, ez baitago aldez aurreko faboritorik. Bai batak bai besteak bidean gelditu diren hautagaien eta, batez ere, beraien hautesleen sostengua beharko dute. Vendolak, dagoeneko, ez duela Renziren aldeko botorik eskatuko aurreratu du.

Bersani eta Renziren iritziz, igandeko primarioak benetan arrakastatsuak izan dira Alderdi Demokratarentzat, parte hartzea uste baino altuagoa izan baitzen -nahiz eta bozkatzeko aldez aurretik izena ematea eta bi euro ordaintzea beharrezkoa izan-. Kontuan hartu behar da ere italiarrek politikarekiko duten interesa gero eta txikiagoa dela.

adituen iritzia

«Politikak bizi duen krisia eta abstentzioa nagusi dela kontuan hartuta, igandeko primarioak nabarmentzekoak dira. Demokraziaren adibide izan dira», esan du Mario Centorrino Messinako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo