Gay eta lesbianen eskubideen aldeko ekimenak iragarri dituzte Biarritzen
GARA | BIARRITZ
Kristaufobiaren Behatokiak gogor salatu du Baiona, Leskarre eta Olorueko elizbarrutiko apezpiku Marc Ailleten bultzadapean Biarritzen antolatutako Bizitzaren Aldeko Nazioarteko Foroak jasandako «eraso higuingarria». Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean Bizitzaren Aldeko Nazioarteko Foroa egingo da Biarritzen, eta, horren harira, hainbat elkartek ekimen bateratua antolatu dute, besteak beste, abortuaren edo gay eta lesbianen eskubideen gainean Elizak duen jokabidea salatzeko. Hautatzeko eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dute larunbatean Biarritzeko Kasinoaren aurrean, eta egunean zehar beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte.
Kazeta.info atariak atzo argitaratutakoaren arabera, Kristaufobiaren Behatokiak erasotzat jo du foroaren aurkako protestetan parte hartzera deitzeko egindako webgunea eta IPEH Antifaxista taldearen aurkako salaketa iragarri du.
Halaber, Elizak antolatutako jardunaldien kontra IPEH Antifaxista taldeak sinatutako kartelak kalean jarri izana gogor salatu du Kristaufobiaren Behatokiak. Ez hori bakarrik, elkarte horren aurka Auzitegi Korrekzionalean salaketa aurkeztuko duela ere iragarri du.
Kristaufobiaren Behatokiak salatu duenez, foroaren aurkako webgunean Ailletek bultzatuta antolatutako topaketetako logotipoa erabili dute, eta, ohartarazi dutenez, «hori ilegala da Frantzian».