GARA > Idatzia > Kultura

«Bertsolari» dokumentala DVD formatuan egongo da salgai Durangon

GARA | DONOSTIA

Asier Altuna zinema zuzendariak eduki bereziz jantzi du «Bertsolari» dokumentalaren DVDa. Hiru atal gehitu dizkio: filmean jaso ez diren sekuentziak, sormen prozesuari buruz Andoni Egaña bertsolariari, Asier Altuna berari eta Laurent Dufreche editoreari egindako elkarrizketak eta dokumentalaren making of-a.

«Bertsolari» filmaren jatorrizko bertsioa jasotzen du DVDak eta zazpi hizkuntzetan ditu azpitituluak: euskaraz, katalanez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta italieraz. Durangoko Liburu eta Disko Azokan salgai egongo da Lanku eta Eguzki bideoak-en standetan, 12 euroko salneurrian. Ostean, abenduaren 15etik aurrera, dendetan ere salduko da.

«16.000 lagunek ikusi ahal izan dute dokumentala Estatuko aretoetan. Ikusle gehien batu dituen dokumentala da», Asier Altunaren hitzetan. Maialen Lujanbiorentzat, berriz, «bertsolaritza barnetik ikusteko aukera ematen die zaleei, eta, euskaldunak ez direnei, aldiz, errealitate hori ezagutzeko aukera eskaintzen die». «Bertsolari» pasa den urteko irailean estreinatu zen Donostiako Zinemaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo