NARRATIBA
Gora eta behera
Iker ZALDUA
Laburmetraia saioa aipatu izan dut inoiz, ipuin-liburu bat deskribatzean. Bada, hara, beste laburmetraia saio bat, Bertol Arrieta zuzendariaren eskutik. Lipar batean irentsi dut saio guztia eta gora eta behera ibili izanaren sentsazioarekin geratu naiz. Hori bai, aitortu behar dut, aurrera egin ahala gora egin duela saioak.
Zortzi ipuin irakurgarri liburuaren aurreko eta atzeko azalaren artean. Zortzi istorio bereizi, bakoitza bestea hasten den unean amaitzen da. Lehenengo ipuinak ez dit zirrararik sorrarazi, «By-pass» delakoak ez dit aurrera jarraitzeko bidea arindu. Ez zait aparteko kontakizuna iruditu, egiaz, ez kontatzen zenari so ezta moldeari so ere, nahiz eta liburuan nabarmentzen diren ironia umoretsuaren lehen printzak sartu zaizkidan begietatik. Bigarren ipuinean, Sobiet Batasunaren garaiko eskubaloi-selekzioko taldekideak jarri ditu Bertolek pantailan. Adiskidetasuna eta berekoikeria nahasten dituen ipuina da, ahantzitako arrakasten usain ustela. Serio demonio jarraitzen du Arrietak, arestian aipatutako printzak tarteko. Lehen ipuinaren ildotik, beste bat apalerako esango luke hark, ezer berezirik ez, alegia.
Hirugarren ipuina haustura dela esango nuke, orain arteko ildoaren haustura. Elkarrizketarik gabeko ipuina izan arren, erritmo oso biziko kontakizun zinez umoretsua iruditu zait. Artikulu bat da. Bertan idazle euskaldun bat Julio Cortazar handiaren ondorengo espirituala dela frogatzen saiatzen da. Gaia berez da aparte ikustekoa. Baina itzel landuta dago, idazlearen beraren erotasuna eta kontakizunari darion ironia bizirik mantentzen ditu.
Kredituak amaitzerako hasten da hurrengoa, «Stand by». Tesia defendatzera doan irakaslea, aita eta izakia. Hirutasun hori saihetsezin izatearen ezina, beste bizitza baten ametsa, bere baitan eraikia eta maletadun pertsona misteriotsu batean islatzen duena. Ez du neoizko argirik ipuinak, erakargarritasuna maletatxo batean sartzen du, baina ez du irekitzen asmatzen, nire ustez. «Ez da zinemazaleentzako herrialdea» da bosgarren ipuina. Erotasun hori agertzen zaigu hemen berriz ere. Ondo jositako ipuinean bi interpretazio bide zabaltzen dizkio ikusleari; izan daiteke, absurduak akuilatutako ipuina, hau da, zineman enbarazu egin dion neska kuadrilla baten atzetik, errieta egin asmoz, gauerdira arte hirian zehar zinemazaleak egindako bidaia; izan daiteke, ezkontza-urte gehiegitxoren zama pairatzen duen gizonak bere Lolitaren bila egiten duen bidaia. Nire ustean, bi interpretazioetatik badu bere puska.
«Laurak eta hodei» langile aspertuaren bizitza monotonoa erakusten duen ipuina da. Erlojuaren orratzak ezkutatutako pertsona, lanak ezgaitutako pertsona. «Ipuin perfektua» izenekoan Julio Cortazarren ondorengotasuna frogatzen duen idazlea ikusten dut. Ipuin perfektua idazteko temati, obsesioak jota dagoen idazlea. Ironiak eta umoreak goia jotzen dute ipuin honetan, irriak algara bihurtu zaizkit. Prozesu obsesiboaren azalpena ederra da eta estiloa aparta.
«Bye» da azken ipuina. Errealismo absurdoa esango nuke. Ikasle batekin laztan-ferekan dabilen irakasle ezkonduaren eta bere Iñaki lagun zorigaitzez ezkonduaren arteko elkarrizketa. Fidel izan beharraz hizketan, fideltasunari buruzko eztabaida, egoera errealista bezain absurdu batekin amaitzen dena. Berrogeitaka urte dituzten lagun ezkonduen arteko afaria, emazte eta seme-alabak gonbidatu direlarik. Egoera absurdu bezain erreala, haur baten ateraldiak umore handiz zapuztua.
Finean, hozbero uzten zaituen liburua, estilo ezberdineko ipuinak, estilo ezberdinez idatziak. Guztietan bi ezaugarri komun aipatuko nituzke, erritmo bizi orokorra eta umore andana. Barre egin dut liburuarekin eta hori ez da erraza izaten. Azken epaiaren zain zabiltzaten horientzako, beste laburmetraia saio bat eskaintzen badu, joango naiz.