GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Gauzak ez dira ematen dutena

Gauzak ez dira ematen duten bezalakoak. Eta egia da begiratzen dieten begien arabera ikusten ditugula. Nire begiek aurreiritzi, mesfidantza eta fobia/begikotasun ugari dituzte, eta horiek guztiek eta konjuntibitisak ez didate gauzak benetan diren bezala ikusten uzten.

Esate baterako, Silvio Berlusconi, gaur Italian izango diren hauteskundeetako hautagaietakoa, ustel, lapur, mafioso, paidofilo eta itsusia iruditzen zitzaidan. Hala ere, berak beti ukatu izan du hori guztia eta gainera ileak txertatu eta aurpegiko ebakuntza egin zuen. Egia da behin baino gehiagotan epaitu izan dutela (baita berak, Italiako lehen ministro zela, gehiagotan epaitu ez zezaten lege bat egin zuela ere), baina ez du egun bat bera ere eman kartzelan.

Badut adibide gehiago, ez pentsa. Uste osoa nuen nik PPko eta Gobernu espainiarreko kargu nagusiak Luis Barcenas diruzain (ikusitakoak ikusita, bikain) horren kontu zikinean nahastuta zeudela, baina halako batean Mariano Rajoy jendaurrean -eta Angela Merkel ondoan zuela- agertu zen dena -edo ia dena- gezurra dela esaten (eta kontrakoa dioena, ipurdi gizena). Hanka sartze galanta nirea.

Eta nire ikusmen ezin okerragoaren azken erakusgarri, atzo bertan Iñaki Urdangarinek esan zuen errege etxeak ez duela zerikusirik (inondik inora ez, bai zera, no joda su señoría, burutik al dago berori?) legea urratu ez duten bere jarduera gardenekin. Hamaikagarrenez, oker nengoen gaizki-pentsatu ez beste hau, uste bainuen erregearen familiak bazekiela Urdangarinen legez kanpoko jarduera zikinen berri; areago, ez nuen dudarik egiten horien aholkulari eta onuradun ere bazela. Urdangarinen deklarazioa entzunda, ordea, berriro ere onartu beharrean nago gauzak ez direla ematen dutena.

Ez dira, ez. Atzo gauean, lerro hauek egunkarira bidaltzerakoan, neure ordenagailuaren aurrean nengoela uste nuen. Non, bestela? Egia esateko, arrotz samarra iruditu zitzaidan mahaigaina (eskritoyua). Eta hirugarreneko bizilaguna -Poliziak lagunduta- agertu zenean, konturatu nintzen ez zela nire ordenagailua. Barkatuko ote didate Berlusconik, Rajoyk eta errege etxeak? Eta hirugarrenekoak, jakina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo