Berezkoak
Agusti Waltarik Armendaritzen jakingo du finalean zein izango duen aurrez aurre
Jon LEUNDA
Armendaritzeko trinketean jokatuko da gaur, 16.00etatik aurrera, Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia. Horren ostean jakingo da zeintzuk neurtuko diren martxoaren 3an Baionan jokatuko den finalean.
Lehen partidan, Agusti Waltari eta Herve Etxeberri lehiatuko dira. Kubakoa ia finalean dago, jokatu dituen bi partidak irabazita, eta gaurko neurketa irabazteko ere faborito nagusia izango da. Etxeberrik, berriz, jokatu dituen bi partidetatik bat irabazi eta bestea galdu egin ditu. Beretzat onena, gaur garaipena lortu, eta Ezkurrak Ozafrain mendean hartzea izango litzateke, horrela seguru izango bailuke finalerako txartela. Bestela zaila izango du azken partidan izatea.
Hauek amaitu bezain azkar kantxaratuko dira Patrick Ozafrain eta Paxkal Ezkurra. Ozafrain partida bat irabazita eta bestea galduta iritsiko da gaurko neurketara, baina Bankako atzelaria da irabazteko faborito nagusia. Orain arteko bi partidetan oso itxura ona eman du.
Iaz ere finalean izan zen, eta garbi dauka berak garaipena lortuta, finalerako txartela seguru daukala. Bestela, aldeko eta aurkako tantoak kontatzen hasi beharko da. Paxkal Ezkurra da lau pilotarien artean gauzak okerren dituena. Jokatutako bi partidak galdu egin ditu, eta gaur irabazteak bakarrik ez dio balio. Ozafrain jipoitu egin beharra dauka finalean sartzeko, betiere Waltarik Etxeberriri irabazten badio, bestela ez dio ezertarako balioko. Astean zehar gripeak jota egon da urruñarra, eta hori ere ez du lagungarri izango.