GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

KARAKORUM Poloniarrak

Historia eta drama elkar harturik Broad Peakeko neguko lehen igoeran

Beste behin poloniarrak protagonista izan dira zortzimilako baten neguko lehen igoeran. Izan ere, pasa den asteartean, Maciej Berbeka, Adam Bielecki, Artur Malek eta Tomasz Kowalskik gailurra lortu zuten. Hala ere, jaitsieran Kowalski eta Berbeka desagertu egin ziren.

p046_f01_250x152.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Artur Hajzer eta Krysztof Wielicki Polish Winter Himalaism ekimeneko buruak ez dira batere gustura erdietsitako emaitzarekin. Oso haserre izango dira ziurrenik. Izan ere, Broad Peakeko (8.047 m) neguko proiektua ezin izan dute borobildu. Bai, pasa den asteartean, espedizioko lau kidek, Maciej Berbeka, Adam Bielecki, Artur Malek eta Tomasz Kowalskik gailurra erdietsi zuten. Hots, historian sartu ziren Broad Peakeko neguko lehen igoera sinatu ondoren. Baina, zoritxarrez, jaitsieran Kowalski eta Berberka betiko desagertu ziren.

Emaitza gazi-gozoa? Ez, inola ere ez; besteak beste, emaitza hanka motz geratu delako. Horixe esango diete euren buruei ekimenaren sortzaile Hajzerrek eta espedizioaren buru Wieleckik.

Aurreratu dugun bezala, Polish Winter Himalaism ekimenaren sortzailea Hajzer dugu. Zortzimilakoen neguko igoeren eboluzioan funtsezkoa izan den himalaista horrek 2010 eta 2015 artean burutu beharreko proiektua jarri zuen abian. Bertako azken ekimena, Broad Peakeko neguko igoera izan da. Neguko igoeren zerrendari begiratzen badiogu, argi dago espezialitate hau poloniarren kontua dela.

Aurreratu dugun bezala, pasa den hilak 5ean, aipatutako laukoteak Broak Peakeko gailurra zapaldu zuen. Hori bai, oso berandu: ia arratsaldeko seietan. Poloniarrak zortzimilakoen neguko igoeren historian berriro ate handitik sartu ziren. Goizean goiz, 05.15ean, irten ziren laugarren kanpalekutik (7.400 m); 11.00etan, berriz, aurreko saioan lortutako puntu garaiena (7.800 m) gainditu zuten. Eguerdia pasata, lepora (7.900 m) iritsi ziren. Azken 150 metroak, aldiz, gogorrak izan ziren oso. Izan ere, ia sei ordu behar izan zituzten helburua poltsikoratzeko.

Nahiz eta eguraldia lagun izan, laukoteak oso igoera mantsoa egin zuen. Berandu iristeaz gain, leher eginda zeuden. Kowalski eta Malekentzat neguko lehen zortzimilakoa zen. Bieleckirentzat, bigarrena; iaz Gasherbrum I mendia igo zuen. Eta Berbeka beteranoarentzat, aldiz, hirugarrena Manaslu (1984) eta Cho Oyu (1985) igo ondoren.

Historian sartu bai, baina horietako bi, Kowalski eta Berbeka, Broad Peaken geratu dira betiko. Muturreko jaitsiera zuten aurretik. Ia indarrik gabe, beherako bidea hartu zuten. 7.900 metroko altueran zirela, bi espediziokide horiek bibaka egin behar izan zuten. Garaiera oso handian zirela, atari zabalean egin zuten lo. Bielecki eta Malek, berriz, laugarren kanpalekura iristeko gai izan ziren. Lehena, 21.00etan; bigarrena, berriz, bost ordu geroago.

Gailur egunaren gogortasuna ikusirik, Wieleckik «badaezpadako» laguntzaren antolaketa jarri zuen martxan. Biharamunean, Bielecki lehendabizi eta Malek ondoren kanpaleku nagusira heldu ziren. Bitartean, Amin Uliah eta Shaheen Baige pakistandarrek gorako bidea hartu zuten. Aminek, hirugarren kanpalekura igotzeko aukera izan zuen. Helburua: Kowalski eta Berbeka laguntzea. Ezinezkoa izan zen. Nahiz eta astelehen eta asteartean eguraldi ona izan zuten, asteazkenean okerrera egin zuen. Gainera, 8.000 metroko garaierara -30 graduko tenperatura zegoen.

Egunez egun

Poloniarren espedizioa ez zen batere ondo hasi. Pakistanera iritsi eta hotz bolada batek eman zien ongietorria. Skardun (2.200 m), adibidez, -27 graduko tenperatura izan zuten. Muturreko hotzaldi horrek herrialdearen iparraldea erabat blokeatu zuen. Alabaina, pixkaka-pixkaka eta arazo handiekin, kanpaleku nagusia altxatu zuten. Urtarrilaren amaiera zen.

Behin «etxean» zirela, mendiko lanak martxan jarri eta erritmo polita hartu zuten. Zortzimilakoa igotzeko, ohiko bidea aukeratu zuten. Bi eta hiru espediziokidez osatutako taldeak mendia soka finkoekin ekipatzen hasi ziren. Arazorik gabe atondu zuten bigarren kanpalekua (6.200 m).

Eguraldia lagun zuten, eta lanek bere horretan jarraitzen zuten. Pronto ziren lehen saioa egiteko. Saiatu egin ziren, baina 7.820 metrora atzera egin zuten. Ondoren, bederatzi egun kanpaleku nagusitik irten gabe pasa zituzten. Eguraldia erabat gaiztotu zen. Baina eguraldi iragarpenek hilaren 4rako eta 5erako leiho on bat aurreikusi zuten. Eta, Kowalskik adierazi zuen bezala, huraxe aprobetxatu zuten beste saio bati, behin betikoari, ekiteko: «Esperantza guztiak ia erabat galduta genituenean, azkenean, espero genuen berria iritsi zen. Aldartea aldatu zitzaigun».

Pasa den astelehenean, Malek, Kowalski, Berbeka eta Bielecki laugarren kanpalekuan ziren. Biharamunekoa, gailur egunekoa eta jaitsiera, arestian azaldu dizkizuegu. Gailurra erdietsi zuten; hots, neguan igotako hamabigarren zortzimilakoa zapaldu zuten. Bi dira, beraz, igo gabe geratzen diren zortzimilakoak: Nanga Parbat eta K2.

Nanga Parbat mendiari dagokionez, aipatu behar da aurten hainbat bisitari jaso dituela. Hala ere, guztiak itzuli dira etxera esku hutsik. Gainera, Broad Peaketik bezala, Nanga Parbatetik ere berri txarrak iritsi zaizkigu, mendizale bat desagertu baita bertan aurtengo neguan. Joel Wischnewski frantziarrari buruz ari gatzaizkizue. Harrigarria bada ere, alpinista hori zortzimilakoa bakar-bakarrik igotzen saiatu zen. Erabateko autonomiarekin abiatu zen, baina, aurreratu dugun bezala, desagertu egin zen.

Bestalde, mendi horretan nolabaiteko protagonismoa hartu zutenak pare bat poloniar izan dira: Marek Klonowski eta Tomasz Mackiewicz. Soilik bi laguneko espedizioa zen beraiena, eta hori nabaritu zuten: «Oso bitarteko mugatuak genituen. Janaria bukatu zitzaigun, dirua ere bai... Etxera itzultzea beste erremediorik ez dugu izan».

Nanga Parbaten saiatu direnen artean, poloniarrak izan dira kota garaiena lortu dutenak. Bi mendizaleetatik, Mackiewicz izan zen indartsuena. Rupal paretatik abiatu ondoren, Mazeno lepora iristeko gai izan zen. 7.400 metroko altueran zegoenean, atzera egitea erabaki zuen.

Bi izan dira aurtengo neguan hautatutako zortzimilakoak. Nanga Parbateko gailurra zapaldu gabe geratu da; ez, ordea, Broad Peakekoa. Hala ere, bietan izan dira desagertuak.

Historikoa

Pasa den hilak 5ean, Berbeka, Bielecki, Malek eta Kowalski mendizale poloniarrek Broad Peakeko neguko lehendabiziko igoera egin zuten.

Desagertuta

Malek eta Bielecki kanpaleku nagusira jaitsi baziren ere, Kowalski eta Berbeka desagertu egin ziren 7.900 metroko altueran bibaka egin ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo