ASP zirkuitua: lehen proban, Tyler Wright txapeldun
Australian hasi da ASPko WCT zirkuitua. Mutilak oraindik lehia bizian ari dira. Nesken kategorian, berriz, Tyler Wright gazteak irabazi du urteko lehen proba. Munduko Gondola eta Arraun Txapelketako bigarren proba irabazi du Australiak
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Hasi da munduko WCT itzulia, munduko lehiakide onenak Australian dira, Snapersko eskuin olatu amaigabean lehiatzeko prest. Nesken kasuan txanda guztiak eginak dira eta irabazlea bertako surflari bat izan da, 18 urte baino ez dituen Tyler Wright gaztea.
ASPko txapelketei dagokienean, berriz, antolatzaileek geroz eta arazo handiagoak dituzte goi mailako txapelketak antolatzen jarraitzeko. AEBetan ere krisiak gogor kolpatu du industria eta antza marka boteretsuenek ere arazoak dituzte txapelketak babesten jarraitzeko.
Azken kasua Lower Trestleskoa da. Izan ere, 24 urteren ostean, orain artean Prime kategoriakoa zen txapelketa bertan behera geratuko da aurten lehen aldiz.
Tyler Wright
Guztira zazpi txapelketek osatuko dute 2013ko nesken WCT zirkuitua, eta jada badakigu lehen txapelketako emaitzak zeintzuk izan diren.
Finalean, Tyler Wright eta Sally Fitzgibbons izan ziren, biak australiarrak, eta biak oso gazteak. Lehenak 18 urte baino ez ditu, eta, bigarrenak, berriz, 22 urte. Hala ere, kontuan hartu behar da nesken kasuan Lehen Mailan dauden lehiakideen batez besteko adina oso baxua dela. Mutilen kasuan gehienak 30 urte inguruan dabiltza, baina nesken kasuan, berriz, 20 urte inguruan.
Wright familia ezaguna da surf munduan, anai-arreba guztiak surflari bikainak baitira. Mutilen WCT zirkuituan dagoen Owen Wright lehiakidea, esaterako, Tylerren anaia da eta egunotan leku berean lehiatzen ari da.
Aurten ere Lehen Mailan lehiatzen ari den Pauline Ado hendaiarrak hasiera ona eman dio urteari, izan ere, lehen txapelketa honetan final laurdenetan izan da. Carissa Moore hawaiiarrarekin (2011ko munduko txapelduna) buruz buruko txanda gogor bat jokatu ostean geratu zen lehiatik kanpo Pauline.
Nesken Lehen Mailako hurrengo txapelketa, Drug Aware Margaret River Pro, martxoren 16an hasiko da, Australian bertan. Beraz, egun gutxi batzuk barru berriz ere lehian izango dira lehiakideak.
Krisia AEBetan
Azken bi urteotan bat baino gehiago izan dira krisi ekonomikoa dela eta bertan behera geratu diren munduko surf txapelketak, itxuraz babesle indartsuenak edo dirudunenak direnak ere larri baitabiltza.
Urtero AEBetan egiten den txapelketa garrantzitsuenetako bat ASPko zerrendatik kendu behar izan dute antolatzaileek dirurik ez dutelako. Harrigarriena honakoa da: txapelketako antolatzailea Nike bezalako marka ahaltsu bat izatea.
2000. urtean sartu zen Trestlesko txapelketa ASPko zerrendan eta ordutik oso leku ezaguna da. Gainera, azken hamarkadan WCT zirkuitua osatzen duten leku finkoetako bat ere izan da.
Kalifornian, Los Angeles eta San Diego artean, dago Trestles, Mexikoko mugatik nahiko hurbil; leku oso lasaia da.
Trestlesko kostaldean urautsi bat baino gehiago daude, bata bestetik nahiko gertu. Hareazko eta harrizko hondoak dituzten urautsiak dira, beraz, nahiz eta olatuaren forma sasoian sasoiko hondar kopuruaren arabera aldatzen den, urautsien kokapena zehatza da, eta, baldintzak betetzen direnean, mota guztietako ariketak egiteko aukera ematen duten olatuak izaten dira bertan.
Urtero ASPko bi txapelketa egiten dira bertan, bata Trestlesen eta bestea Lower Trestlesen. Bata WCT mailakoa da, alegia, maila gorenekoa, eta Hurkey Pro izena du. Bestea Prime kategoriakoa da -Lehen Maila izan gabe izan daitekeen maila gorenena- eta Lowers Pro izenarekin ezagutzen da.
Bi txapelketa hauek egiteko lekua berbera da, hondartza bera da, baina, aldiz, bi urautsi desberdin eta bi txapelketa desberdin dira. Urtero Donostiako Zurriolan bi txapelketa egingo balira bezala da, bata hondartzaren alde batean eta bestea handik ehun bat metrora.
AEBetan egiten den WCT mailako txapelketa bakarra, Trestleskoa, aurten ere egingo da; irailaren 21ean hasiko da eta 2013ko WCT zirkuituko zazpigarren txapelketa izango da, hor ez dago arazorik. Gainera, itzelezko ikusmina sortzen duen txapelketa izaten da.
Iazko Hurley Pro txapelketa, esaterako, berezia izan zen, Kelly Slaterrek irabazi baitzuen. WCT itzuliko seigarren geldialdian seigarrenez irabazi zuen Floridakoak. Horrez gain, maila goreneko txapelketa bat irabazten zuen 50. aldia izan zen.
Egun, Lower Trestlesko txapelketa kenduta, AEBetan egiten diren txapelketa garrantzitsuen artean maila goreneko txapelketa bakarra geratzen da, Huntigton Beachen egiten den Prime kategoriakoa; beraz, estatubatuarrentzat txapelketa hau galtzea sekulako kolpea izan da. Gainera, txapelketa honek kaliforniarrentzat xarma berezia du.
Lower Trestlesko txapelketa 1989. urtean hasi ziren egiten eta ordutik ez du etenik izan. Lehenengo txapelketa hura Christian Fletcher San Clementeko surflari heavyak irabazi zuen. Airekoak eta surf erradikala egiten hasi ziren momentua zen, testuinguru errepikaezina izan zen, ondorengo surf egiteko moduan eragin handia izan zuena; beraz, lehen txapelketa hartatik izaera berezia hartu zuen lehiaketak.
1990ean, berriz, 18 urte baino ez zituen Kelly Slater gazteak irabazi zuen txapelketa mitikoa. Gero Shane Bechen agertu zen eszenan eta lau txapelketa irabazi zituen (1992, 1993, 1996, 2003). Andy Ironsek ere lortu zuen txapela eskuratzea 2004an. Gainontzean denetariko izenak aurki daitezke irabazleen artean: Tom Curren (2001), Ron Machado (1998), Gabriel Medina (2012), eta abar. Baina, aurten, 24 urte eta gero, ez da irabazlerik izango Lower Trestlesen.