GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatuak

Gastu guztiak Udalak ordaintzen zizkion elkarte-enpresa sortu zuen PNVko zinegotzi jatorrak, milaka euroko zuloa egin du, eta bazkideak aztoratu egin dira. Ez zenekiten zer gertatzen zen? Defendatzen duzuen eredu horrek sortzen dituen ondorio logikoak dira. Ordezko bat jarriko duzue eta gauza bera gertatuko da. Ohartarazten ari natzaizue; ez esan gero abisatu ez genuenik.

Surflari Ernegatua

Orain bi urte gertatu zen, martxoaren 11n, Fukushiman, zerua gris bilakatu eta airea arnastezin bilakatu zenean. Hogei urte lehenago, ordea, Akira Kurosawak hondamendi nuklear hura amestu eta filmatu egin zuen. Sei zentral nuklearrek eztanda egin ostean herritarrek babes hartu nahi dute eta nora ezean ari dira pantaila handiko mutur batetik bestera. Antzezten ari diren aktoreek ozen oihukatzen dute «iruzur egin digute!» eta «gezurrak baino ez dizkigute esan!» .

Azkenaldian sarri entzuten ari naizen errepika leloak dira, eremu desberdinetan, batetik eta bestetik, iruzurrak, lapurretak eta antzerako kasuak ematen baitira. Nire herrian ere, Zarautzen, surf elkartean sekulako zuloa egin dutela eta bazkideak eskuak burura eramanda dabiltza «iruzur egin digute» eta «gezurrak baino ez dizkigute esan» oihukatzen. Eta ni, harri eta zur geratzen naiz: «Benetan ez zenekiten hor zer gertatzen zen?».

Antza, haur kuadrilla osoak Argiñano jatetxera afaltzera eramaten dituen tipo bat, jendaurrean dirua gastatzen baino ikusten ez duzun pertsonaia horietakoa, denon hobe beharrez ari zela uste zuen zenbaitek. Gastu guztiak Udalak (herritarrok) ordaintzen zizkion elkarte-enpresa sortu zuen PNVko zinegotzi jatorrak, milaka euroko zuloa egin du, eta urteroko kuota ordaintzen duten eta ez duten bazkideak aztoratu egin dira.

«Ez dago eskubiderik» diote eskubideak denak eta betebeharrak batere nahi ez dituzten surflari baino ez diren horiek, «kirola eta politika ez baitira inoiz nahastu behar».

Kontuz! Nahastu behar ez dena eskola eta aipatu sasi elkartea dira. Parte naizen Zarauzko Surf Eskolako kideek, Akira Kurosawak bezala, aspaldi amestu eta kontatu genuen elkarte deitzen duten enpresa horretan zer gertatzen zen, eta egun oraindik, diruaz harago, egin den kalte handiena heziketa eremuan eman dela uste dugu. Eredu herrikoian sinesten ez duen elkarte batekin bat egiten ez genuenez, handik joan eta elkarte berri bat sortu genuen: Baga Surf Elkartea.

Gure elkartean inoiz ez da diru arazorik izan eta ezta izango ere, ez baitugu dirurik. Ez daukagu xentimo bat bera ere ematen digun udal edo marka babeslerik, eta ez dugu behar. Gure artean ez dago politika deitzen duten horretaz bizi den soldatapeko mertzenariorik. Baina batez ere, eredua da desberdin egiten gaituena. Bazkideak eskubideak ditu, baina batez ere betebeharrak.

Beraz, mesedez, ez nahastu Zarauzko Surf Elkartea deitzen duten marrazo kuadrilla hori, Zarauzko Surf Eskola eta bertako Baga Surf Elkartea osatzen dugun surflari ernegatuekin. Inork ez dizue iruzurrik egin, azken finean defendatzen duzuen eredu horrek sortzen dituen ondorio logikoak dira. Ordezko bat jarriko duzue eta gauza bera gertatuko da. Berriz ere, Akira Kurosawa bezala, ohartarazten ari natzaizue; ez esan gero abisatu ez genuenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo