GARA > Idatzia > Euskal Herria

Proiektu solidarioen aldeko 7 kilometroko lasterketa egin dute Angeluko emakumeek

Angeluko Kimua ikastolak atzo antolatutako Itsas Laminen Korrikan Cyndie Sablier izan zen irabazlea. Bosgarren urtez, bildutako diru guztia Integrazio Batzordeari eta Fibrosi Kistikoaren Elkarteari eman diote.
p017_f02.jpg

GARA | ANGELU

Angeluko Kimua ikastolak bosgarren urtez Itsas Laminen Korrika lasterketa antolatu zuen atzo, aurtengoan ere Integrazio Batzordeari eta Fibrosi Kistikoaren Elkarteari lagundu ahal izateko. Hala, izen-ematean bildu zen diru guztia elkarte horiei eman zitzaien. Aurtengo edizioan orotara 125 emakumek hartu zuten parte eta lehen hiru postuak, hurrenez hurren, Cyndie Sablier, Edurne Inza eta Audrey Monchecourtentzat izan ziren.

Ikastolak eskualdeko emakumeen artean korrika egitea bultzatzea du helburu, baita aipatutako bi elkarteak diruz laguntzea ere. Urtetik urtera, gainera, gero eta emakume gehiago animatzen dira. Aurreko edizioetan bezala, parte hartzaileek, gazteak eta ez hain gazteak, noizbehinkako korrikalariak zein itzulia oinez egin nahi izan zutenak -horretarako aukera ere badago-, ibilbide oso atsegina aurkitu zuten. Emakumeak taldeka parte hartzera gonbidatzen dituzte antolatzaileek eta hainbat sari banatzen dituzte: mozorro onena, talde handiena, originalena...

Joan den urtean, ekitaldia gero eta jende gehiagorentzat irekitzeko asmoz, 3,5 kilometroko oinezko ibilbidea ere prestatu zuten aurrenekoz. Itzuli hori, parte hartu zuten ikastolako amek adierazi zutenez, ordu erdian egin daiteke oinez. Korrika egin zutenek bezala, oinezkoek ere izan zituzten sariak atzokoan.

Guztiei parte hartu ahal izateko aukera ahalbidetzearren, adin tarteak ere aintzat hartu ziren lasterketan. Horretarako, 7 eta 12 urte bitarteko haurrek haientzat bereziki antolatutako kilometro bakarreko lasterketa izan zuten. 16 urtetik aurrerako neska zein emakumeek, berriz, 7 kilometroko lasterketa osatu zuten, korrika nahiz oinez.

Antolatzaileek nabarmendu zutenez, «gizon ugari bildu dira ibilbide guztian zehar parte hartzaileei animoak emateko asmoz». Helmugan, gainera, korrikalariak ongi baino hobeto zaintzeko asmoz, masajeak eskaini zituzten 4 euroren truke. Horrez gain, taberna ere izan zen lasterketaren ostean bertan bazkaldu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo