Korrika 18ren amaiera festaren egunean euskoak erabili ahal izango dira Baionan
GARA | BAIONA
Baionan martxoaren 24an ospatuko den Korrika 18ren amaiera festan «eusko» izeneko euskal diru alternatiboa erabiltzeko parada izango da. Euskal Moneta elkarteko kide izan eta euroak euskoengandik aldatu nahi dituztenek Paul Bert plazan den «Berria» egunkariaren egoitzara joan beharko dute. Halaber, Korrikan zehar bizkarrekoak edo Korrika Kulturaleko ekimenetarako sarrerak ere euskoekin ordaindu ahal izango dira.
Otsailean abian jarri zenetik, euskoa garapen handia izaten ari da. Euskal Moneta elkartearen sarean parte hartu nahi duen edozein enpresak ingurumenaren eta euskararen aldeko engaiamendua hartu behar du. Euskoa kudeatzeko ardura duen Euskal Moneta elkarteak Bai Euskarari ziurtagiriarekin hitzarmena sinatu du dagoeneko, eta AEK, Kontseilua, Behatokia eta Euskal Konfederazioarekin ere elkarlanean ari da.
Euskal Moneta eta Bai Euskarari elkarteen arteko hitzarmenaren aurkezpena egin zutenean, euskoak euskara sostengatzeko bi modu eskaintzen dituela adierazi zuten. Alde batetik, euskoaren bultzatzaileek ekimenean parte hartzen duten elkarteen arteko harremanak euskaraz egitea sustatzen dute, eta, bestetik, euskoaren sareko parte diren enpresei afixak eta harrera euskaraz egiteko engaiamendua eskatzen diete.
Emandako datuen arabera, sareko kide diren 33 enpresa (%12) harrera euskaraz eskaintzen ari dira dagoeneko. Horrez gain, sareko partaideen %10ek 2013an zehar harrera euskaraz emanen dutela hitz eman dute eta %6k hurrengo urtean egingo dutela iragarri dute. Azkenik, 45 enpresetako kideek euskarazko hogei orduko ikastaroa hartzeko konpromisoa hartu dute; horietarik bi herenak ez dute hizkuntzaren inolako ezagupenik.