GARA > Idatzia > Kultura

Musika, poesia eta aurkezpenak euskal kulturari bultzada eman zion Aitzol apaiza oroitzeko

Gerra Zibilak eta Frankismoak euskal kulturaren loratzeari trabak jarri zizkioten, baina Euskal Pizkundea sustatu zuen idazle talde bat izan zen. Tolosak bertako euskaltzalerik ospetsuena oroituko du beste behin.

GARA | TOLOSA

Egitarau oparoa prestatu du Tolosako Udalak Jose Ariztimuño Olaso Aitzol apaiz eta idazlea omentzeko asmoz. “Euskal Pizkundea” egitasmoak abadea eta bere belaunaldiko gizon eta emakumeak ekarri nahi ditu gogora, euskal kultura eta euskara sustatzeko egindako lanagatik.

Faxistek Aitzol eta beste 191 pertsona Hernanin fusilatu zituztenetik 75 urte igaro zirela eta, 2011. urtea “Aitzol eta Euskal Pizkundearen urtea” izendatu zuten Tolosan. Orduz geroztik, tolosar honen inguruko hainbat ekintza antolatu dituzte.

Aurten ere euren euskaltzalerik ospetsuenetarikoa omenduko dute. Prestatutako egitarauari helduz, ostegun honetan Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak (Ken Zazpi) ikasleentzako prestatutako ekitaldia eskainiko dute Leidor aretoan. “Baga Biga Higa: Euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena” emanaldiaren bi saio izango dira, lehena 09.00etan eta bigarrena 12.00etan.

Ostiralean, hilak 15, Anjel Lertxundik poema errezitaldia egingo du Antton Valverde piano jolearekin batera eskainiko duen “Hiru eleak: Lizardi, Lauaxeta, Lete” ikuskizunean. Topic zentroan izango da, 20.30etik aurrera.

Tolosarrek Aitzoli eskainiko dioten hurrengo hitzordua martxoak 23an izango da. Udaletxean 11.30ean hasiko den ekitaldian, Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskal Pizkundearen inguruan egin duen DVDa aurkeztuko du. Jarraian, musika eta kantu emanaldia izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo