GARA > Idatzia > Kultura

Zazpi talde arituko dira 2013ko Azpeitiko San Jose jaietako trikiti jaialdian

p056_f01.jpg

GARA | AZPEITIA

Azpeitiko San Jose jaietako trikiti jaialdia martxan da jada. Martxoaren 16an ospatuko dute, 17.30etik aurrera, herriko Soreasu antzokian. Bertan izango dira Euskal Herriko puntu desberdinetatik heldutako zazpi talde.

Taula gainean aritu dira, besteak beste, Agurtzane eta Ion Elustondo anai-arreba legazpiarrak. Aspaldi hasi ziren trikitia astintzen eta jada hainbat sari irabazi dituzte; hainbat disko ere grabatu dituzte. Agurtzane Elustondo, gainera, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria da 2011. urtetik.

Legazpiarrekin batera, Kepa Junketa eta Jose Maria Santiago Motriku trikitilariek ere joko dute Azpeitian. Bakoitzak bere ibilbidea bakarka jorratu badu ere, oraingo honetan elkarrekin arituko dira, diskogintzan ere elkarrekin jardundakoak dira-eta.

Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea arrasatearrek osatzen dute jaialdian parte hartuko duen bikoterik gazteena. Batik bat kantuan aritzen badira ere, trikitian ere oso ondo moldatzen dira. Eskarmentu handiagoa dute Eneko Dorronsorok eta Andoni Ezkerrak. Lehena Bakarne Dorronsoro arrebarekin aritzen zen plazaz plaza, eta,  bigarrena, berriz, Zopilotes Txirriaos taldeko trikitilaria da.

Jaialdiko kartela beste hiru talderekin osatzen da: Areso-Urrestillako Jaione eta Ion, Zumarraga-Urretxuko Gari eta Iñaki, eta Aizpurutxo, Galdos eta Ainara hirukotea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo