GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA Goma gainekoa

Ibarrak Abadiño mendean hartu eta 600 kiloko txapela irabazteko modua egin du

p044_f02_97x96.jpg

J.L.

Ibarrak irabazi zuen herenegun 600 kiloko goma gaineko txapela. Beraiekin batera Ñapurrak eta Abadiño ziren faboritoak, eta berriro ere podiuma hiru talde horiek lortu zuten, aurreko finaletan bezalaxe.

Aldaketa lehen postuan egon zen, aurreko bi pisuetan Abadiño izan baitzen onena, baina herenegun gipuzkoarrek jantzi zuten txapela. Finala, ordea, estua izan zen, berdinduta amaitu eta kitarakoa jokatu behar izan baitzuten.

Bai Ibarrak bai Abadiñok ere gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta elkarren arteko lehian bakoitzak tiraldi bana irabazi zuen, saioa berdinduta amaitzeko.

Ondoren, txapela erabakitzeko kitarakoa jokatu behar izan zuten, eta hor gipuzkoarrek bi tiraldiak irabazi zituzten, eta horrek garaipena erdiesteko balio izan zien. Abadiño orain arte txapelak janztera ohituta zegoen, baina herenegun bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Ñapurrak sailkatu zen hirugarren, aurreko biekin galdu eta gainerakoei irabazita. Sokarri sailkatu zen laugarren Iparralderi eta Muruetari irabazita. Iparralde bosgarren izan zen Muruetari irabazita, eta, Murueta, berriz, azkena, jokatutako tiraldi guztiak galduta.

Nesketan, aldiz, 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatu zen, eta Ibarra izan zen onena, Badaiotz eta Bizindar mendean hartu ostean. Badaiotz bigarren izan zen Bizindarri irabazita, eta azken hauek itxi zuten sailkapena. Jardunaldi bat falta da txapelketa amaitzeko, eta Ibarra txapela lortzetik oso gertu dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo