GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Desafioa

Gazteek ere badakite aizkoran

Ruben Saralegik minutu erdi bateko aldearekin irabazi zion Xabier Mindegiari, norgehiagoka bikain bat jokatu ostean.

p044_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Ruben Saralegik irabazi zuen atzo Doneztebeko pilotalekuan Xabier Mindegiaren aurka jokatu zuen apustua. Desafioa ikusteko harmailak leporaino bete ziren, eta bertaratu ziren guztiak pozez zoratzen atera ziren amaieran, ikusi zuten norgehiagoka bikaina izan baitzen.

Aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko eta bi oinbiko ebaki behar izan zituen. Saralegik zortzi kana-erdiko ekarri zituen, eta onak atera ziren. Mindegiak, aldiz, bi kana-erdiko eta bi oinbiko plazaratu zituen, eta aurretik enbor gogorrik ekarriko ez zuela iragarri baldin bazuen ere, enbor gogorrak plazaratu zituen. Bere aita eta anaia Joxe Antonio izan zituen alboan Mindegiak, eta Eneko anaia, eta Daniel Vicente, berriz, Ruben Saralegik. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatu zituen dirutan.

Bi aizkolari gazteek egin zuten lana bikaina izan zen. Emozioa ere amaierara arte egon zen, Saralegik minutu erdi pasako aldea lortu baitzuen. Azken batean horixe da denek nahi dutena, azkenera arte emozioa izatea, eta atzo izan zen.

Tamaina ezberdineko enborrak direnean, zaila izaten da erreferentzia zehatza izatea baldin eta bi aizkolariak tamaina bereko enborrekin batera ez badira ari, eta atzo ere horixe gertatu zen. Saralegi berak ekarritako enborrekin hasi zen, kana-erdikoekin hain zuzen ere, eta oinbikoa bosgarren lekuan moztu zuen. Mindegiak moztu zuen bigarren enborra, berriz, oinbikoa izan zen. Beraz, lan erdiak arte zaila zegoen benetako erreferentzia bat izatea, eta hor Saralegi aurretik zihoan, 48 segundoko tartea baitzeukan.

Bigarren itzulian, Mindegiak lehen itzuliko eran moztu zituen enborrak; Saralegik, aldiz, oinbikoa moztu zuen hirugarren lekuan. Beraz, horren ostean beste erreferentzia garbi bat zegoen, eta aldea handitu egin zuen Saralegik, bi minututik gorako tartea baitzuen. Aldiz, leitzarrak Mindegiak ekarritako enbor gogorra mozteko zeukan, eta hor aldeak laburtu ziren.

Hamargarren enborrean Mindegiak ikaragarri laburtu zuen denbora, eta 13 segundora jarri zen, baina Rubenek zuen aldeari eutsi eta azkeneko bi kana-erdikoetan tartea zabaldu zuen. Hala, amaieran garaipena lortu zuen 22 urteko leitzar gazteak.

Ruben Saralegik lau kana-erdiko moztu zituen jarraian, gero oinbiko bat, ondoren hiru kana-erdiko, oinbiko bat eta hiru kana-erdiko. Denborak hauek izan ziren: 1.25, 3.06, 5.09, 7.09, 14.35, 18.37, 21.10, 23.13, 30.43, 35.37, 37.49 eta 39.52.

Xabier Mindegiak, berriz, kana-erdiko bat, oinbiko bat, bost kana-erdiko, oinbiko bat eta azkenik lau kana-erdiko moztu zituen. Denborak hauek izan ziren: 3.39, 10.27, 12.22, 14.43, 17.05, 19.25, 23.30, 31.19, 33.14, 35.50, 38.05 eta 40.26.

Ikusmina

Atzoko apustuak ikaragarrizko ikusmina piztu zuen, eta Doneztebeko pilotalekua leporaino bete zen. Bertaratu zirenek, gainera, ez dute izango inongo damurik, sekulako ikuskizuna ikusi baitzuten.

Saralegi: «Garbi erakutsi dugu oso ongi prestatuta etorri garela»

Ruben Saralegi pozez gainezka zegoen, eta ez zen gutxiagorako. 22 urte besterik ez ditu, atzo jokatu zuen lehen apustua, eta irabazi egin zuen, lan handia eginez gainera.

«Nik uste dut beraiek enbor handietan behera egingo nuela uste zutela, baina ez da horrela izan. Hala ere, biok lan oso ona egin dugula uste dut. Garbi erakutsi dugu oso ongi prestatuta etorri garela», esan zuen leitzar gazteak.

Xabier Mindegiak ez zuen garaipenik lortu, baina bera ere gustura zegoen. «Beti irabaztea nahi izaten da, baina hasi aurretik ere bagenekien zaila izango zela. Lehia estua ikusten genuen, eta horrela izan da. Azkenean berak lan handia egin du, eta irabazi egin du. Zoriontzea besterik ez zait geratzen. Ni egindakoarekin ere oso gustura geratu naiz. Biok lan ona egin dugu», esan zuen.    J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo