GARA > Idatzia > Mundua

Hego Koreako biztanleek gero eta kezka handiagoa dute, gerra has daitekeelakoan

GARA | SEUL

Urteak joan eta urteak etorri, Hego Koreako biztanleak ohituz joan dira Piongiangeko erregimenaren erretolika gerrazalera. Baina azken asteotan tentsioak nabarmen egin du gora penintsulan, eta kezka hedatzen hasi da, batez ere Ipar Koreako hirugarren proba nuklearraren ondoren.

Abenduan espaziora kohete bat bidali izanak -misil balistiko baten teknologia berdinarekin- eta bi hilabete geroago egin zuen proba nuklearrak Hegoaldeko herritarren ohiko axolagabekeria irauli dute. Azken egunotan Koreako gerrari amaiera eman zion hitzarmena salatu zuen Piongiangek, eta «gerra termonuklearraren» arriskua aipatu zuen. Gainera, AEBei ohartarazi zien «eraso nuklear prebentiboa» jaso zezaketela. Hala ere, ez zen 1994ko izua hedatu. Orduan biztanleak azkar joan ziren dendetara bizigaien bila. G-Market supermerkatu kateak azken egunotan kontserben salmenten igoera antzeman du, halere.

Koreako inkesta nazionalak egiten dituen Asian Institute zentroaren arabera, gerra posible dela uste duten Hego Koreako biztanleen kopurua %59koa da jada (duela hiru urte %40koa). «Baliteke erreakzioak ez agertzea baina Ipar Korearen mehatxuaren pertzepzioa benetakoa eta gero eta handiagoa da», esan zuen Karl Friedhoff, institutu horretako adituak.

Urtarrilean, herritarren %7,8k euren kezka nagusien artean kokatzen zuten bi Koreen arteko harremanaren arazoa. Hirugarren proba nuklearraren ondoren, %15,4ra igo da ehunekoa.

«Orain arte ez nintzen benetan urduri», dio Park Soo-Meek, Seulgo abokatu bulego bateko langileak. «Baina jendeak orain ezberdina dela esaten du. Nire lagun batek dio erasoa badago, bankutik dirua atera beharko genukeela. Ama Kanadan bizi da eta egunero deitzen dit nola nagoen jakiteko», gaineratu du.

Kezka nabariagoa da bi herrien arteko mugan dauden uharteen biztanleengan. Seulek militarrak ditu eta zibilentzako babestokiak egin ditu bertan. 2010ean, Piongiangek Yeonpyeong uhartea bonbardatu zuen eta lau pertsona hil ziren. Gatazka pizten bada, Baengnyeong uhartea lehenengo jo puntua izango dela adierazi du Kim Jong-Un Ipar Koreako buruak.

Ipar Koreako hegazkinek «aurrekaririk gabeko» ateraldiak egin dituzte azken egunotan. Hego Koreako iturrien arabera, astelehenean 700 baino gehiago izan ziren. Eta aldi berean, Hego Koreako eta AEBetako armadek baterako maniobrak egiten jarraitzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo