GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren sarritasuna

Musikek eta hitzek beti esan dezakete zerbait; komunikatu, adierazi, aldarrikatu, azaldu, ohartu, argitu. Kantu batzuetako hitzek edo esaldiek badute kemena norberaren bizipenetan sartzeko eta makina bat egoera transmititzeko. Abesti horietako letretan aurki daitezkeen esaldi esanguratsu horiek bikain eta garden laburtzen dituzte bizitzaren hainbat pasarte. Kantu jakin horietako esaldiak erabiliko ditugu zita modura, zerbait definitzeko, nahiak adierazteko, ideiak aldarrikatzeko edo bizitzaren filosofiak azaldu, argitu eta praktikatzeko. Baina nork elikatzen du zer? Kantariak gizartea edo gizarteak kantaria? Kantari eta talde batzuek badute hitz argi eta gutxiz laburtzeko bizitzaren osotasuna zein txikitasuna.

Garai batean, erreibindikazioak egiteko, pegatina gehiago erabiltzen zen. Edozein herriko jaietan ia papar bakoitzean pegatina bat egon zitekeen, «mutxa polizia, poka diversión» (Eskorbuto) edo «estatuari gerra, gerra beti» (Hertzainak). Esaldiotan politika, jaia eta borroka erakusgai. Joseba Sarrionandiak idatzitako poesien mailegua Euskal Herriko musika talde eta kantautore askok hartu dute.

Egunkari honek Sarriri egin berri dion elkarrizketa biziki interesgarrian, berak ere abesti baten aipamenarekin biribildu nahi du esaten ari dena: «Hobe negar egiteari uztea; gainera, gau izartsua dugu». Estatuari, eredu politiko bezala, kritika zorrotza egiteaz gain, Sarrik egunerokotasunean pertsonen parte hartze eraginkorra aldarrikatuko digu, morrontzatik ihes eginez. Sarri irakurtzearen onura.