GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruñeko Aberri Egunera deitu dute bost alderdik

Independentistak sareak martxoaren 31n Iruñean eginen duen Aberri Egunera deitu zuten atzo Aralarrek, Sortuk, ABk, Alternatibak eta EAk. Martxoaren 30ean, Itsasuko harrian ekitaldi berezia eginen dute, Enbata mugimendua sortu zeneko 50. urteurrena ospatzeko.
p017_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Abertzaleen Batasunak, Sortuk, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak, Aberri Egunaren ospakizunaren karietara, deialdi bateratua egin zuten atzo Baionan. Joan den urteko udaberrian izenpetu zuten etorkizunean elkarrekin lan egiteko engaiamenduaren haritik, 2013ko Aberri Egunari begira «irakurketa komuna» egitea erabaki dutela adierazi zuten.

Hala, Aberri Egunerako deia «gizarte mugimenduak» egin behar duela ideia nagusitzat harturik, Independentistak sareak datorren martxoaren 31n Iruñean egingo duen ekitaldiarekin bat egiten dutela jakinarazi zuten.

Herri ekimena izateaz gain, Iruñean zabalduko den aldarrikapen nagusia ere beren egin zuten bost alderdiek, Euskal Herriak estatu bat izateko eskubidea duela eta eskubide hori demokratikoa dela aldarrikatuz.

Aralarreko Iñaki Irazabalbeitiak hitz egin zuen bost alderdien izenean, eta 2014an Eskozian independentziaren bidea hasteko egitekotan diren erreferenduma ekarri zuen gogora. «Zerendako ez da posible Euskal Herrian eta Katalunian? Zer da ezberdintasuna guztiak Europako herriak bagara?», galderak pausatu zizkien frantses eta espainol estatuei, eta arrazoiak argitzeko eskatu zien.

Bestalde, independentziaren aldarrikapena bazter uzteko «krisi garaiaren» aitzakia mahai gainean jartzen duten abertzaleei independentzia ez dela arazoa ihardetsi zien Irazabalbeitiak. «Gure herria burujabe bada, bideak eta baliabideak izango ditu. Independentzia krisitik ateratzeko bideetariko bat da», azpimarratu zuen.

Azkenik, Aberri Eguna «herri bezala» ospatu behar dela kontuan harturik, Iruñean «kolore guztietako abertzaleak» bilduko diren esperantza dutela esan zuten bost alderdiek.

Itsasun bezperan

Lehentasuna Iruñeko ekimenari ematen badiote ere, Aralarrek, Sortuk, Abertzaleen Batasunak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak, martxoaren 30ean Itsasun ekimen berezia eginen dute.

Aurten, Enbata mugimenduarekin Ipar Euskal Herrian «abertzaletasun modernoa sortu» zela 50 urte betetzen direla-eta, ekitaldi bat eginen dute Itsasuko harrian. «Euskal Herria Europan» lelo nagusiarekin, ekitaldia arratsaldeko bostetatik goiti eginen dute, eta abertzaleak bertara hurbiltzera deitu zituzten atzo. «Momentu honetan ezkerreko mugimendu abertzalea hirugarren indar politikoa da Ipar Euskal Herrian. Hori, neurri batean, orain dela berrogei eta hamar urte Enbatak egin zuen hazi horretatik sortua da», goraipatu zuen, azkenik, Irazabalbeitiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo