Siriako gerran indarren oreka matxinoen alde aldatzen ari da
Siriako gerran indarren orekak matxinoen alde egingo du Londreseko Ikerketa Estrategikoen (IISS) Institutuaren arabera. Eta joera hori suspertu dezakete Europako potentziek, Paris eta Londres arma-blokeoa kentzeko eskatu diotelako Europar Batasunari.
GARA |
Siriako gerran indarren orekak matxinoen alde egingo du Londresko Ikerketa Estrategikoen Institutuaren (IISS) arabera. Atzo argitaratu zuen txosten batean IISSek Siriako gerran Baxar Al Assad presidentearen aurkako bolada iristen ari dela, atzerriko potentziek militarki nekez esku hartuko dutela uste badu ere.
«Litekeena da, pixkanaka-pixkanaka, indarren oreka matxinoen alde aldatzea, euren ahalmena eta kanpoko laguntza gero eta handiagoa delako», azaltzen du txostenak. «Arma kimikoak erabili ezean -horrek dakarren nazioarteko esku hartzearen arriskuarekin- zaila da ikustea Assadek joera hori nola alda dezakeen», gaineratzen du.
Halere, IISSek ohartarazten du erregimenaren indarrek oraindik matxinoak gainditu ditzakeela, horiek gerrilla taktika bertan behera uzten badute eta hiriguneak hartzen saiatzen badira.
«Baxar al Assad presidenteak irabazi ezin badu ere, matxinoek oraindik gal dezakete», adierazten du ikerketa institutuak.
Gainera, zuzendaritza politiko eta militar sendorik gabe, oposizio armatuaren fakzioen arteko borrokak sor daitezke. «Horrek herria gerra zibil batera eraman dezake, eta gerra horretan Gobernukoa indar garrantzitsuena izango litzateke». Gainera, eskualde osoan ezegonkortasun arriskua handituko litzateke. Matxinoei armak emateko prest agertu dira dagoeneko Estatu frantsesa eta Britainia Handia eta Europar Batasunean (EB) eztabaida piztu dute, beste kideek zuhurrago jokatzea nahiago duten arren.
Hollande, blokeoaren aurka
François Hollande presidente frantziarrak EBko herriei eskatu die Sirian arma-blokeoa bertan behera uzteko, oposizioak erregimenaren aurka borrokatzeko baliabideak izan ditzan. «Europarrek arma-blokeoa kentzea nahi dugu», adierazi zuen atzo Bruselan, EBko Estatu eta Gobernuburuen gailurrean parte hartzeko iritsi berritan.
Hollanderen esanetan, Britainia Handia ados dago jarrera horrekin eta orain gainerako gobernuak konbentzitu nahi ditu. Modu horretan Damaskori presio egin nahi diote, Europa «oposizioari laguntzeko prest dagoela» erakutsiz. Arduradun frantziarrek era anonimoan azaldu zutenez, batez ere misilak emango lizkiokete oposizioari, erregimenaren hegazkinei eta helikopteroei aurre egiteko.
Laurent Fabius Atzerri ministro frantziarrak ere Londresek eta Parisek EBri eskaera hori egingo dietela baieztatu zuen eta azkar ibili beharra dagoela gaineratu zuen.
Orain arte, Europako gobernu gehienek ez dute gustuko aukera hori, dituen arriskuengatik. Atzo bertan Alemaniako Gobernua kontra agertu zen armak «okerreko eskuetara» irits daitezkeelako.
Txinak egindako FN-6 izeneko lur-aireko misilak ospea irabazi du armazaleen artean, misil hori erabiliz matxinoek Sirian gutxienez Armadaren bi helikoptero lurrera bota ondoren, «Global Times» egunkari txinatarraren arabera.
Irán ha reforzado significativamente su apoyo armamentístico a las fuerzas del presidente de Siria, Bashar al Assad, durante los últimos meses, según aseguraron a la agencia Reuters fuentes diplomáticas de Occidente, que afirman que Irán está enviando gran cantidad de armas a través del espacio aéreo iraquí, aunque están estableciendo canales de suministro alternativo, concretamente a través del espacio aéreo de Turquía y Líbano. Según los diplomáticos, la ayuda por parte de las autoridades iraníes podría cambiar el curso de la guerra al convertirse en salvavidas del Gobierno sirio. Ali al Moussawi, asesor del primer ministro iraquí, Nuri al Maliki, ha negado que se transporte suministro armamentístico en aviones civiles a través del espacio aéreo iraquí, como afirman fuentes occidentales, que también implican a Hizbulah en este apoyo al régimen sirio. Turquía también ha negado que se utilice su espacio aéreo. Los diplomáticos occidentales insisten en que Rusia continúa siendo el máximo proveedor de armas de Damasco, mientras Moscú ha reiterado que su apoyo militar consiste en sistemas antimisiles de defensa aérea y no en armas de ataque. GARA
Matxinoei armak emateko prest agertu dira Londres eta Paris, Europar Batasunean adostasuna lortzen ez bada ere. «Frantzia nazio subiranoa da» eta «herri independentea gara» adierazi dute agintari frantsesek eta britainiarrek.