GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroarentzat hezkuntza eredu propioa aldarrikatu dute kalean milaka ikaslek

p019_f01_148x092.jpg

GARA |

Milaka ikasle atera ziren atzo kalera Nafarroan, Ikasle Abertzaleak erakundeak deitu zuen eta beste talde batzuen (Eraldatu, Asanblada Libertarioa eta Ikasle Sindikatua) sostengua jaso zuen greba egunean. Protesta honen helburua Gobernu espainolak ezarri nahi duen lege berria salatzea eta Nafarroako Gobernuak egiten duen politika gaitzestea zen.

«Ez dugu nahi gure kultura, hizkuntza eta nortasuna desagerraraziko duen hezkuntza eredurik, Nafarroak eta Euskal Herriak sistema propioa nahi eta behar dutelako», azaldu zuen Ikasle Abertzaleak taldeak.

«Badakigu zeintzuk diren Werten [Gobernu espainoleko ministroa] hezkuntza erreformen norabidea. Hau dela eta, Lomce lege aurreproiektuak hezkuntza ereduaren pribatizazioa gauzatu nahi du, hezkuntza komunitatearen parte hartzea modu kontsultibo batera mugatuz. Horretaz aparte, espainiar Estatuko aniztasun linguistiko, kultural eta nazionalak ez ditu kontuan hartuko, espainiar eredu homogeneoa bilatuz. Gainera, hezkuntzaren merkantilizazioa sustatuko dute, merkatuen beharren arabera ikasketa prozesua moldatuz», adierazi zuen IAk ohar batean.

Horren aurka, Nafarroarentzat euskara ardatz izango duen eredu propioa aldarrikatu zuten.

Nafarroako Gobernuaren jarrera ere kritikatu zuten, hezkuntza eta osasun zerbitzuetan murrizketak ezartzen dituelako «ustelkeria kasuetan sartuta dabilen bitartean». Horregatik, Yolanda Barcinaren Gobernuaren dimisioa eskatu zuten.

Polizia espainolak bi ikasle atxilotu zituen -bata adingabea- eta Foruzaingoa ere gazteen kontra oldartu zen. Hori dela eta, IAk jarrera hauek lekuz kanpo daudela salatu zuen. «Ikasleria modu baketsuan atxilotu baten askatasuna eskatzera joan den arren, modu bortitzean oldartu dira gazteen kontra», gaineratu zuen.

Greba egunari buruz oso balorazio positiboa egin zuten Ikasle Abertzaleek, jarraipen handia izan zuela nabarmenduz. Gainera, atzo Iruñean elurra mara-mara erori bazen ere, eguerdian 3.500 ikasle inguruk manifestazioa egin zuten.

Beste eskualdeetan ere mobilizazioak izan ziren atzoko greba eguna zela-eta, Lizarran kasu. Arratsaldean beste mobilizazio bat izan zen Iruñean Antoniutti parketik abiatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo