GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Pablo Milanes

Besoak zabalik, txoriak hegan jarraitu nahi du

p044_f02_87x84.jpg

Ane ARRUTI

Adinak ez du barkatzen eta, 70 urte bete berritan, pauso motelez hartu zuen bere lekua agertokiaren erdian, sei musikariz inguratuta, eserita, mikrofonoari une oro esku biekin eutsiz. Pare bat kanturen ostean ahots marranta nabaritu genion, berak ere igarri zuen, eta eztarrira eraman eskuak. Momentua baino ez zen izan, ordea, handik aurrera goranzko hegaldiari ekin baitzion kubatarrak.

Hitzik esan gabe, begirada batekin, bere gorputzaren luzapena bailitzan, Carlos Miguel Nuñezek eman zion pianoarekin kantu gehienetarako sarrera. Izan zuten musikariek gozatzeko aukera, bateria jotzailearen eta zeharkako flauta nahiz saxofoi jotzailearen erakustaldi ederrekin. Izan zen sonetik, guaguancotik, congatik... baina baita jazzetik eta popetik ere. Bizi den artean esperimentatzen jarraitu nahi duela aitortu izan du Milanesek eta hori agerian gelditu zen Donostian.

Maiatzean argitaratzekoa den «Renacimiento» diskotik hiru kantu aurreratu zituen, Alderdi Komunista legalizatu zuteneko gaua oroitzen duena tarteko.

Eta hegaldia hasi zen gora eta gora, seguru zegoen taula gainean, eta ordura arte Nancyri eskainitako poemen ondotik etorri zen «eternamente» iraungo duen «Yolanda», eta besoak batera eta bestera astinduz eta zabalduz, kantari jarri zuen antzokia. Bisak eginda, musikariak utzi zituen taula gainean, baina bueltan etorri zen. «Ez noa hau kantatu gabe», esanez, «Txoria txori» hunkigarri batekin esan zion agur zutik erantzun zion antzokiari.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo