KRONIKA | 18. KORRIKAREN HASIERA
Buru-bihotzak irudiz betetzen dituen mila oineko suge koloretsua esnatu da
Emozio leherketa handi bat eta irudi eta doinu pila bat buruan eta bihotzean. Hala deskribatu daiteke euskararen alde herrialde osoa zeharkatzeari ekin dion martxaren abiatzea. Korrika hasi, furgonetatik datozen musikari eta animoei eramaten utzi, eta ahantzi egiten zaio bati zer egun den, non dagoen edo Baionaraino doan suge koloretsuari segitzeaz aparte zer egin behar duen.
Maider IANTZI
40 metro baino ez zituen egin, ia konturatu gabe pasatu zitzaizkion, baina Samara Velte «Berria»ko langile gazteenari ez zaio atzenduko 18. Korrikako lekukoaren lehen eramaile izan zeneko momentu polita. Jon Barandiaran egunkari honetako kiderik zaharrenarekin partekatu zuen mutur zuri, gorri eta berdea duen lekukoa, eta ederra izan zen hori ere, «Eman euskara elkarri» aurtengo leloa gauzatu zutelako.
«Lehenengo kilometroa banatu egin dugu Martin Ugalde parkeko enpresen artean. Ez dugu txandaka egin, pilatzen joan gara. Bi hasi gara, gero beste bi batu zaizkigu, gero beste bi... Hamabi lagunek bukatu arte», azaldu zigun Veltek. Hala, handitzen eta handitzen joan zen multzoa, jendetza ikaragarria bildu arte. «Berria»rekin batera, Sortzen-Ikasbatuaz, Euskal Kantuzaleen Elkartea, Elkar, «Bertsolari» aldizkaria, Kontseilua, Emun, Lanku, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea, Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herrian Euskaraz izan ziren mezu sekretua daraman lekukoarekin lehen kilometroa osatu zutenak.
Horiek Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Irrien Lagunen kuadrilla osoari egin zioten bidea, eta horiekin batera haur ugariri. Pirritxek panderoa jotzen zuen; Patakon piratak mainguka baina dotore egiten zuen lasterka, eta Pupu eta Lore txikiek euskara umetatik maitatzen erakusten zuten. Koloretsuak ziren pailazoak eta jende anitzek zeramatzan haizagailuak. Koloretsuak, mosaiko bat marraztuta duten petoak, pankartak, kamisetak eta aterkiak.
Mosaiko koloretsu bat izan zen Andoain goizean goizetik. Zaparradetatik babesteko, Martin Ugalde parkeko tunelean sartu zuten furgoneta, eta han jarri zizkioten loreak eta argiak. DJ Bullek ere han egin zituen praktikak, eta dantzan jarri zituen bildutako AEK-ko langile, furgonetero zein kazetariak. Urduritasuna eta emozioa pil-pilean zeuden jada. Herrian, aldiz, Korrika Txikia egin zuten ikastetxeetako haurrek eta triki-poteoaz gozatu zuen jendeak.
Kohesiorako tresna
Bazkalondoan, denak batera kultur parkera iristen joan ziren, buruhandiekin, erraldoiekin, trikitilariekin... sekulako animazioarekin. Euriak ez zuen bakerik ematen, hotza hezurretaraino sartzen zen; horregatik inguru guztia berdin-berdin bete zen, ordea. Jendeak ezagunak eta lagunak agurtzen zituen, berriketa alaiak aditzen ziren, umeak buruhandiekin beldurtzen ziren eta ez zieten begirik kentzen... Halako batean, Oskar Elizburu AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidearen ahotsa aditu zen: «Aupa euskalakariok!». Orain dela bi urte bezala, euskara maitatzea, ikastea eta erabiltzea hizkuntza normalizatzeko bidea dela aldarrikatzera datozela erran zuen. Edizio honetan, aktibaziorako eta elkarbizitzarako mezua dakarkio ekimen honek euskal gizarteari, euskara elkarbizitzarako eta gizarte kohesiorako tresna gisa aldarrikatu nahi du, argi duelako hizkuntza normalizaziorik gabe ezin dela gizarte normalizaziorik lortu.
«Horregatik diogu ozenki `Eman euskara elkarri', guztion eginbeharra delako eta elkarbizitza hobetzeak guztioi egingo digulako mesede», adierazi zuen. Edurne Brouard lasterketa honen arduradunak mezua sartu zuen lekukoan eta indarrez astindu zuen, dantzariek txalaparta doinuekin aurreskua eskaini ondotik. «Aurrera, Korrika!» oihuarekin, esnatu egin zen milaka oin dituen suge koloretsua eta irrintzi artean abiatu zen Andoaingo herrira, handik Adunara, gero Zizurkilera, Villabonara, Irurara, Anoetara, Tolosara... Eta bitartean, burua eta bihotzak irudiz eta doinuz betetzen joan zen: mutiko bat eskua Korrikaren irudira eraman eta gero musuak banatzen, adineko bikote bat espaloian jarrita intentzio guztiarekin txalotzen, emakume bat gurpildun aulkian lasterka, haur eta gazte olatu izugarria euskararen alde, furgonetetan boluntario ari diren lagunen indarra eta kemena, Andoaindik Tolosarainoko bidea, 17 kilometro korrika gelditu gabe egin zituztenak...
Goierritik barna Nafarroara ailegatu da martxa goizaldean. 9.00etarako Lekunberrin izanen da eta bazkalorduan iritsiko da lehen hiriburura, Iruñera. Alde Zaharrera 17.42an sartuko da. Handik, Lizarra aldera.
Duela hamar urte Guardia Zibilak «Egunkaria» itxi zuenekoa ekarri zuten gogora Martin Ugalde kultur parkeko hasiera ekitaldian. Orduan hedabide berria irekitzeko indarra erakutsi zen; atzo, euskaraz bizitzeko bidea irekitzeko ekimena hasi zen.
Euskara elkarri emateko hiru modu nabarmendu zituzten: daukanak eman egin behar du, ez daukanak ere aukera eman behar dio erabili nahi duenari, eta hau guztia bermatzeko aukera eta baldintzak jarri behar ditu Administrazioak.
Martin Ugaldeko langileen eta Irrien Lagunen ondotik, Urki dantza taldeak, Andoaingo ikastolako langileek, «gure atsuek», PSEk, ezker abertzaleak eta gaztetxeko kideek eraman zuten lekukoa, bertzeak bertze.