GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Xabier Letona. ARGIA

Hiltzailea libre dabil

(...) Kontua da Aresek utzi zuela Jaurlaritza, bere ordezkoek ere ez zutela ezer gehiago bideratu eta, gaia epaileen esku dagoela argudiatuta -ikerketa iragarri zenean auzia jadanik bazegoen epaileen esku, ohikoa den gisan-, ez dela barne ikerketaren berri eman. Areago, ez dago batere garbi barne ikerketa seriorik egin den. (...) Arartekoaren ondorioa honakoa izan zen: «Barne Sailak ez du justifikatu indarkeria eta gomazko piloten erabilera». Aurrekariak kontua hartuta, beraz, eta kontrakoa erakusten ez den bitartean, bada arrazoirik pentsatzeko ikerketa judiziala ere ez dela oso urruti joango.

Hirugarren kapitulura ere iritsi da auzia, istripuarena: hilketa ez, istripua izan zen. Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondok duela egun batzuk esan du Ser Irrati katean: «Istripua izan da, inork ez zuelako sortu den kaltea sortzeko asmorik». Ez omen zaio esaten horri asmorik gabeko homizidioa? Azken 30 urteetan Ertzaintzaren pilotakadak probatu dituzten ehunka -milaka?- pertsonek argi izango dute ez dagoela istripurik, min egiteko borondatea baizik. Eta hori aitortuta, orduan bai, logikoena da pentsatzea mina eragiteko asmoa -pilotakada- ertzainari muturrera joan zitzaiola, nahi gabe Cabacasen heriotzaraino.

Itzela da garaiotan Ertzaintzak istripuarena luzatzea, besterik gabe, urteetan milaka pilota jaurti ondoren, eta orain tresna hori desegokia dela onartzen denean (...).

Laugarren kapituluak, horregatik guztiagatik, bi azpi-kapitulu beharko lituzke. Bata da ikerketa judiziala bere amaierara iristea, Iñigo Cabacasen hiltzailea nor izan den argitu arte. Bestea da Ertzaintzaren birmoldaketa sakon bati ekitea, batez ere gatazkaren eraginez, azken urte luzeetan izan duen errepresio poliziaren atal hori alboratu eta ahalik eta herritar gehienen zerbitzura izango den polizia izan dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo