Mubarak Egiptoko presidente ohia epaitzeari uko egin dio epaileak
Denborak ez duela beti justizia ekartzen esan izan da. Alderantziz, kasu askotan, beranduegi iristen den justiziari ezin zaio horrela deitu. Justizia, benetakoa, gero eta urrutiago dagoela dirudi Mubaraken kasuan, auziko epaileak orain erabaki baitu epaiketari uko egitea.
GARA |
Mustafa Hassan Abdula epaileak Apelazio Auzitegiaren esku utzi du auzia, horrek kasua epaituko duen auzitegi berri bat aukeratu dezan. 2011ko Egiptoko iraultzan 846 manifestari hiltzea egotzi diote Egiptoko presidente ohiari.
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia epaitu behar zuen Abdula epaileak uko egin dio zeregin horri. Ezusteko erabakia izan zen, begiraleek nabarmendu dutenez. Kasua Mubaraken aurkako lehen zigorra (iazko ekainean erabakitakoa) bertan behera utzi zuen Apelazio Auzitegira itzuliko da orain.
Atzo hasi behar zuen lehen ikustaldiak, Kairotik gertu dagoen akademia militar batean. Saioaren hasieran iritsi zen ezustekoa. Epaileak adierazi zuenez, beste epaitegi baten esku utziko du auzia. Ondorioz, epaiketa atzeratu egingo da. Horrekin batera, Mubarakek eta bere ondokoek hamarkadatan lapurtutako milaka milioiak egiptoarrentzat noizbait berreskuratzeko itxaropena ere ahuldu egingo da.
Mustafa Hassan Abdula epaileak ikustaldiaren hasieran jakinarazi zuen «deseroso» sentitzen zela kasuarekin eta nahiago izan duela auzia Apelazio Auzitegiaren esku utzi, Reuters berri agentziak emandako informazioaren arabera. Al Jazeera arabierazko telebista kateak iragarri zuen epaileak ez zuela lotsa sentitu nahi.
Mubarak Egiptoko presidente ohiari bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten iazko ekainaren 2an, 2011ko iraultzan, bera presidente kargutik kendu zuten mobilizazioetan, manifestariak hiltzea egotzita.
Abokatuak, alde batetik, eta Fiskaltzak, bestetik, helegitea aurkeztu zuten Apelazio Auzitegiaren aurrean, eta epaiketa errepikatzea agindu zuen epaileak, prozeduran irregulartasunak izan zirela-eta. Mubaraken defentsak esaten zuen presidente ohia eta Habib al Adli Barne ministro ohiaren aurkako nahikoa froga ez zegoela. Fiskaltzak, berriz, heriotza-zigorra eskatzen zuen.
Akademia militarrean zeuden abokatu batzuen iritziz, Abdula epailea ez zen egokia kasurako, iaz zigorrik gabe utzi baitzituen 2011ko otsailean izan zen Gameluen Borrokarekin nahastuta zeuden erregimen zaharreko 21 agintari. 11 pertsona hil eta 600 zauritu ziren, Mubaraken aldekoak Tahrir plazara sartzean.
Helikopteroz heldu zen Hosni Mubarak akademia militarrera. Handik bi ordura Maadiko erietxe militarrera itzuli zen. Tarte horretan bere jarraitzaile batzuekin hizketan aritzeko aukera izan zuen presidente ohiak, esku-ohean eserita. Lasai zegoela zirudien. Ikustaldia hasi baino lehen, Alaa eta Gamal Torako espetxean sartuta dituzten semeekin hitz egiteko aukera ere izan zuen. Bi semeak eta Al Adli Barne ministro ohia ere manifestarien hilketarekin nahastuta daude. Ibilgailu blindatuetan eraman zituzten Toratik akademia militarrera. Iazko ekainean absolbitu egin zituzten Al Adliren sei laguntzaileak bere kasa bertaratu ziren. Mubarak erori egin zen iazko abenduan Torako espetxean eta orduan izan zituen zaurien ondorioz Maadiko erietxe militarrean daukate geroztik.
Abdula epaileak kasuari uko egiteko hartutako erabakia ez zuten espero akademia militarraren ondoan bildu ziren herritarrek. Presidentearen aurkako zigorrik gogorrena eskatzera joanda zeuden. Mubaraken aldekoekin topo egin zutenean, tentsioak gora egin zuen. Segurtasun indarrek egoera gehiago ez larriagotzea lortu zuten, «Al Ahram» egunkariaren arabera. GARA
Atzoko ikustaldia amaitu bezain pronto, Fiskaltzak Mubarak presidente ohiaren osasunari buruzko txostena eskatu zuen, erietxe militarretik espetxera bidaltzeko moduan ote dagoen erabaki ahal izateko