GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroa Beherean herri elkargo bakarra sortzeko erabakia 2014rako uztea proposatu du EH Baik

Ainize BUTRON | BAIONA

Garazi-Baigorri, Iholdi-Oztibarre eta Amikuze herri elkargoak Nafarroa Beherea bere osotasunean batuko lukeen egitura bakar batean biltzeak lekuko agintari politiko eta herritarren ezadostasunak piztu ditu azken hilabeteotan.

Pirinio Atlantikoak departamenduko prefetak herri elkargoen erreformaren baitan proposatu zuen batasun hori 2011. urteko uztailean. Orotara, 70 herri bilduko lituzke Baxe Nafarroa izeneko herri elkargo berri horrek.

Prefetak egitasmoaren berri eman bezain laster, Garazi-Baigorri herri elkargoa aurka agertu zen, Iholdi-Oztibarre, ostera, alde.

Egitasmoak sorturiko ezadostasunak kontuan harturik, Nafarroa Behereko EH Baik «egiazko eztabaida prozesu gardena eta herritarra» irekitzea eskatu zuen berriki. Informazio bilkurak, ikuspegien konfrontaziorako guneak eta herritarren iritzia biltzeko mekanismoak martxan jartzea proposatu zuen. «Proiektu hori ezin daiteke azkarregi egin eta prefetak aurreikusi epeek ez diote eztabaida parte hartzaileari tokirik uzten», salatu zuen. Horrekin batera, 2014ko martxoan izanen diren udal hauteskundeak «eztabaida demokratikorako» gune egokia direla gogoraraziz, hartu beharreko erabakiak hauteskundeen biharamunerako uzteko eskatu zuen.

«Proiektuak kanpaina denboran eztabaidatua eta molde demokratikoen bidez trenkatua izan behar du. Horretaz gain, 2014an hautatuko diren hautetsiek kudeatu beharko dute biharko egitura», esan zuen EH Baik.

Jakin kolektiboa

Garazi eta Baigorriko herritarrak eta hautetsiak biltzen dituen Jakin kolektiboa osatu da egitasmoa salatzeko. Apirilaren 5an izenpetze kanpaina bat abiatu zuen eta informazio bilkura bat antolatu zuen Izpuran. Kolektiboaren arabera, herri elkargo bakar bat osatzeak ez lioke lekuko errealitateari erantzunen. Nafarroa Beherean bi bizigune nagusi daudela oroitarazita, gaur egun lurralde horretan dauden hiru herri elkargoekin bi sortzea aldarrikatzen du.

Egitasmoak sortzen duen ezadostasuna kontuan harturik, Jakinek, EH Bairen ildotik, egitasmoa hauteskundeen biharamunerako uztea eskatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo