Herri harresi bero eta bizia, zigortutako gazteak babesteko
Espetxe zigorra jaso duten zortzi gazteak besarkatuta, zutik, koloretako globoekin harresi bat eraikiz, eta lurrean eserita, Bulebarreko kiosko inguru guztia betez, milaka eta milaka herritar, euskal gazteria babesten duen horma indartuz. Irudia hagitz ederra zen, aldi berean tristea; hotzikara sortzen zuena.
Maider IANTZI
«Eskerrik asko!», oihukatu zuen zigortuetako batek bildutako lagun andanari begira, hunkituta. «Eskerrik asko, goizetan eta gauetan zutabeetan izaten zaretenei, Aske Gunean orduak eta orduak ematen dituzuen familia, bikote, lagun eta militante guztiei. Eskerrik asko, ekarpen bat egiten ari zareten guztiei; guretzat ohore bat da». Inguruan gogoz eta berotasunez txaloka zegoen jendetza, eta erdian Nahikari Otaegi, Mikel Arretxe, Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente eta Ekaitz Ezkerra Donostiako gazteak, «duintasunez jokatzen ari zarete. Eredua zuena da eta herria, gurea! Aupa zuek!», garrasi eginez.
«Amorru betez eta bihotz-bihotzez», besarkadarik beroena helarazi zioten burdin barra artean den Ekaitz de Ibero lagunari. Eta aste barruan adierazi zuten bezala, hala erran zuten: «Etor daitezela euren makilekin, euren armada guztiarekin, gu ez gara hemendik mugituko. Kostako zaie gu eramatea, zuei esker!». Berriz hozkirria, minutu batzuk lehenago, espetxean den antiguatarraren grabazio bat aditzean bezala, animoak emateko eta ez kikiltzeko errateko agur bat: «Garai berri baten aurrean gaude, egoera zail baina ilusioz betetako batean. Gora euskal gazteria!». Oihu anitz entzun zen manifestazio osoan, indar handia sumatu zen, gaztetasunaren indarra, gogoa eta gauzak egiteko ilusioa. Giroa bero-beroa izan zen, eta ez eguzkiarengatik bakarrik.
Aske Gunea, libre eta legala
Lehen ilaran, pankarta eramaten, zigortuen senideak joan ziren. Horien gibeletik, kamiseta eta globo laranjak zituzten hainbat lagunez inguratuta, zortzi gazteak, koloretako globoak eskuetan. Txalo zaparrada batekin hartu zituzten iritsi zirenean.
Arratsaldeko bostetan Aske Gunea gainezka zegoen. Gehienak gazteak ziren, baina haurrak eta helduak ere baziren. Batzuk izozkia jaten, bertzeak pote batzuk hartzen, gogotsu ikusten zen jendea kanpin-dendaz, hainbat karpaz, mahaiz, banderaz eta mezu koloretsuz osatutako inguruan. Umeak lepo gainean, politikariak ere bertan -Joseba Alvarez, Hasier Arraiz eta Rebeka Ubera kasu-, ertzainen furgoneta batzuk zain-zain, bazterrean zintak jarri eta ilarak osatuta zeudenean zabaldu zuten pankarta, denek ikusminez begiratzen zutela: «Aske Gunea, libre eta legala».
Manifestazioa antolatu zuen Eleak mugimenduko Txerra Bolinagak adierazpen batzuk egin zituen aurrena, eta eskubide zibil eta politikoak zapaltzen segitzen dutela salatzeko bildu zirela azaldu zuen. Eskubide horiek praktikan jartzeagatik zortzi lagun espetxera joateko arriskuan daudela kritikatzeko. Baina, nabarmendu zuenez, mobilizazioak eta elkartasuna ez dira aski, eta aurrerapauso bat emateko ordua da. «Garrantzitsua da borroka egiteko beste bide batzuk zabaltzea. Mobilizazio honen helburua argia da: herri harresia eraikitzen goaz».
«Ibero askatu!» eta «euskal gazteria, aurrera!» aldarrikatuz abiatu zen martxa, poliki-poliki, Alderdi Ederrerantz. Espaloian, gaiteroek egin zioten harrera, «Kalera, kalera» abestia joz. Gazte eta zaharren txaloak eta berotasuna izan zituzten lagun zigortuek hasieratik.
Hernani kaletik Askatasunaren Etorbidera, Urbietatik San Martinera eta Foru kaletik berriro Bulebarrera, hainbat garrasi egin zituzten manifestariek: «Gazteak gara, ez terroristak!», «espetxeak apurtu!», «ez gaituzue geldituko»... Aitzinean eta gibelean, ertzainen furgonetak zituzten.
Balorazio hagitz ona
Askatasunaren Etorbidean geldituta, jendea pasatzen eta pasatzen ikusi genuen ordu erdiz, denak txaloka eta oihuka. Ilarak ez zuen amaierarik: Irungo gazteak beren pankartarekin, gaiteroak giroa animatzen, gazte kuadrilla pila bat, adineko emakume bat ikurrina bat eskumuturrean lotuta, haur-kotxeak, gurpildun aulkiak, bastoiak, jostailuak, irriak, emozioa, sentimendu gazi-gozoak... 7.000 lagunetik goiti elkartu izanen zirela kalkulatu zuten bai kazetariek bai antolatzaileek. Hauek «balorazio oso ona» egin zuten.
Seietarako minutu batzuk falta zirela, errepublikazaleak ailegatzen hasi ziren Bulebarreko kiosko aldera, hauek ere beren manifestazioa egin behar baitzuten, eta bi mobilizazioek bat egin zuten une batean.
Atera bezala ailegatu ziren Aske Gunera, Ibero askatzeko eskatuz eta euskal gazteriari animoak emanez. Eta jendeak lekua hartu zuenean, Txerra Bolinaga mintzatzen hasi zen kioskotik, lehenik eta behin, bildutako guztiei eskerrak emanez eta berehala agur bero bat bidaliz asteazkenera arte eurekin Aske Gunean izan zen Ekaitz de Iberori eta zigortutako bertze zortzi gazteei. «Ekaitz gaur hemen ez badago ertzainek Aske Gunea okupatuz eta lurrean erresistentzia pasiboa egiten ari ziren herritarrak kolpekatuz eraman zutelako da. Madrilena izan zen agindua, baina Ertzaintzarena eraso bortitza». Ez dutela horrela funtzionatzen duen polizia eredurik nahi eta «arduradun politiko eta polizialek dimititu» egin behar dutela adierazi zuen Eleak mugimenduko bozeramaileak.
Estatu espainolak eta frantsesak eskubideak urratzea Euskal Herrian eguneroko ogia dela agertu zuen eta bertze ehun gazte baino gehiago epaiketaren edo espetxeratzearen zain daudela oroitarazi zuen. Horien delitu bakarra gazte antolakundeetan parte hartzea dela eta epaiak emateko sarri torturapean eta inkomunikazio aldian egindako deklarazioak kontuan hartzen dituztela salatu zuen. Euskal abertzaleen antolaketan, hainbat indar politikotan bertze ehun lagun epaiketaren zain daudela gehitu zuen. Denera, berrehun pertsona baino dezente gehiago daude, beraz, kartzelara joateko arriskuan.
Egoera horiek salatzeko eta eskubide demokratikoak berreskuratzeko asmoz jaio zen Eleak-eko kideak elkartasunetik konpromisora pasatzea proposatu zuen, eta egunotan Aske Gunean gazteak egiten ari diren lana jarri zuen adibidetzat. Eragile eta ordezkari politikoez gain, herritarrak konpromisoa erakusten ari dira gune honetan tailerrak, kontzertuak eta denetariko ekitaldiak eginez. «Erresistentzia zibil pasiboa behar dugu eskubideak babesteko. Konpromiso kolektiboa eta, behar bada, intsumisioa ere bai. Hori da bidea, eskubide zibil eta politikoak denenak direlako!».
Goizero bezala, Grosetik, Easo plazatik eta Hernani kaletik hiru zutabetan etorri ziren gazteak Aske Gunera, 09.00etan. Lantalde guztiak -komunikazioa, propaganda, bazkaria, kontzertuak...- martxan jarri ziren eta hamaiketan Porrotxek emanaldi bat egin zuen zigortuak dantzara ateraz. Elkarretaratzea, antzezlana, bazkaria... ekitaldi ugari izan zen egun osoan.
Aske Guneak aitzinera jarraituko du gaur eta heldu den astean. Egitarau bete-betea dute. Kortxoenea gaztetxekoek, elkartasunez, gune honetara ekarri dituzte beren ekintzak eta gaur AHTren kontrako hitzaldi-bideoa, babarrun jatea, kantariak, «Ziztadak» dokumentala eta solasaldia egile batekin, eta elkarretaratzea izanen dira.