Euskaraz bizitzeko hautua aldarrikatu dute Agoitzen udaberriko festa giroan
GARA |
Etxarri Aranatzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatu zen ondoren, Donostian jarraitu zuen ekimenak, eta atzo Agoitzi egokitu zitzaion Euskaraz Bizi Egunaren aldarria zabaltzea, Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta.
Eta bide horretatik, «Euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho» bilakatu zen Nafarroako herria festa giroan, udaberri bete-beteko atzoko egunean. Buru-handiak, gaiteroak, dantzari txikiak, trikitilariak, burrunba eta erraldoiak izan ziren protagonista txikienen gozamenerako. Antolatzaileek baieztatu zutenez, ehunka umek hartu zuten parte eskulan tailerretan, puzgarri eta jolasetan, baita bazkalostean antzokia bete ere, Txan Magoaren emanaldiarekin gozatzeko.
Herri kirolak eta Agoitzeko abesbatzaren emanaldia ere izan ziren, herri bazkariarekin batera, eta arratsaldean, aldarrikatzeko unea helduta, Agoizko EHEko kideek hartu zuten hitza euren errealitatea azaltzeko. Euskaraz bizitzea norberaren hautua dela gogorarazi zuten eta beren kasua azaldu. «Bi urte genituela elkarrekin hasi ginen euskaraz ikasten», baina «hala ere, gure arteko harremana erdaraz izan da beti, gure herriko errealitateak aginduta. Duela urte bat hori aldatzea erabaki genuen, batzuetan zaila gertatzen bazaigu ere», aitortu zuten. Pozik eta harro daude hartutako erabakiagatik.
Euskal Herriaren «eraikuntza eta askatze prozesuan» euskarak dagokion lekua izan dezan eragiteko konpromisoa hartzeko eskatu zuen Nestor Esteban EHEko kideak.