Aizkora Apustua
Belaunaldi ezberdinak neurtuko dira Tolosan
Joseba Otaegik eta Antonio Senosiainek etzi eguerdian beraien mailarik onena erakutsi nahi dute. Bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta erdi bana eraman beharko dituzte plazara.
Jon LEUNDA
Ikusmin handia piztu du etzi, 12.00etatik aurrera Tolosako zezen-plazan Otaegik eta Senosiainek jokatuko duten apustuak. Alde bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta 6.000 euro jokatzen dituzte. 12.00etatik aurrera jokatuko da norgehiagoka.
Hamahiru urte dira Senosiainek azkeneko aldiz apustua jokatu zuenetik, eta oraingo hau egiteko berak bota zuen desafioa. Harridura handia sortu du, eta berak horren zergatia argitu nahi izan du. «Lanean ordu asko pasatzen nituen, eta aizkorako nire unerik onenean bata edo bestea aukeratu beharra neukan; aizkorak bizitzeko adina ematen ez duenez, lanean jarraitu nuen, aizkora apur bat utzita. Orain, EREn sartuta dago nire enpresa eta askoz denbora gehiago daukat. Nire adina kontuan hartuta, nire azkeneko apustua izan daitekeela ikusten nuen, eta sekulako ilusioarekin eta gogoarekin ari naiz prestatzen», azaldu du Olaguekoak.
«Egia esan, aizkora uztekotan nenbilen beti, baina Lehen Mailan jarraitzen nuen, eta mailari eusteko gai izaten nintzen, batzuetan finaletan sartzeko ere bai, eta hori ongi entrenatu gabe. Horregatik, ongi entrenatuta oraindik zerbait egin nezakeela ikusten nuen, eta horrek ere bultzatu nau apustua egitera», adierazi zuen nafarrak.
Enborrak erdi bana plazaratu behar dituzte, eta Olaguekoak oso gogorrak eramango dituela iragarri du. «Buruari buelta asko eman dizkiot, zalantzak izan ditugu, baina azkenean enbor oso gogorrak eramango ditut», esan zuen. 20 kana-erdikora jokatzea, berriz, gustuko duela esan zuen: «Ez da ikaragarrizko lana, baina ezta txikia ere. Uste dut honelako apustu bat egiteko nahikoa lana dela», dio.
Harridura
Joseba Otaegik ere harriduraz hartu omen zuen Senosiainen desafioa: «Egia esan, ez nuen espero. Aizkolari handia da, baina aspaldian ez zebilen ongi prestatuta, eta ez nuen uste inondik inora bere desafiorik etorriko zenik. Hori bai, desafio hau bota badu, bera ongi dagoelako da. Enborrak ere oso gogorrak ekarriko dituela iragarri du, eta bere inguruan inork zalantzarik bazuen, uxatzeko moduan daudela uste dut», esan zuen.
Enbor gogorrak eramate horrek, ordea, ez du kezkatzen. «Nik nahiago nuke normalak ekartzea; nik horrela eramango ditut, baina berak lana luzatu nahi baldin badu, bere arrazoiak izango ditu. Dena dela, enborrak erdi aukeran eraman behar direnean, apustu bat beti enbor klase guztiekin prestatu behar duzu, eta ni oso gogorrekin ere aritu naiz. Ez nau kezkatzen», esan zuen zizurkildarrak.
Askoren ustez, Joseba da faborito, baina Gipuzkoako txapeldunak ez du horrela ikusten. «Egia esan, hau erraza izango dela, faborito oso garbia izango naizela... denetik entzun dut, baina nik ez diet kasu handirik egiten. Nik badakit neurketa oso zaila izango dela», ohartarazi zuen aizkolari gipuzkoarrak.
Azken boladan apustuek berriro ere sekulako indarra hartu dute. Aurten, jadanik laugarrena izango da, eta bi aizkolariak bat datoz jendeak honelako neurketak ikusi nahi dituela. «Nik uste dut apustuek badutela txapelketek ez duten beste puntu bat, bai zaleentzat, baita kirolariontzat ere. Garrantzi apur bat gehiago izan dezake, eta azkenaldian horrenbeste apustu egiten baldin badira, jendeak hori ikusi nahi duelako eta erantzuten duelako da», esan zuen Josebak. Otaegik bere azken apustua orain dela urtebete pasa egin zuen, eta denetara bosgarrena jokatuko du.
Senosiainek iragarri du berak plazaratu behar dituen enborrak oso gogorrak izango direla. Otaegik, berriz, argi utzi du, berak normalak eramango dituela Tolosako zezen-plazara.
Alde bakoitzak 6.000 euro jokatuko ditu. Hala, Tolosako zezen-plazan garaipena erdiesten duen aizkolariak 12.000 euro eraman ahal izango ditu etxera.