Elkartasuna eta desobedientzia zibila bidegabekeriaren zain eta, batez ere, aurka
Ertzaintzaren zain zeuden. Egunez eta gauez. Ez zuten Ertzaintza bertaratzea nahi, baina tarteka inguratu egiten zen hura, ehiztaria harrapakinarengana nola, eta bazekiten itzuliko zela. Zain zeuden, beraz. Ez barbaroen zain, ordea, Konstantinos Kavafisen poema ezaguneko greziarren modura; are gutxiago, iritsiko zirenei harrera ona egin eta haien mendeko agertzeko asmoz, baizik eta iristear zirenek eraman nahi zituzten herritarrak bidegabekeriaren jomugan zirelako. Gazte horiek babesteko konpromisoak bultzatuta zeuden bertan.
Egunez milaka lagunek erakutsi diete elkartasuna bertatik bertara, batzuek minutu batzuez eta beste batzuek zenbait orduz. Gauez ere, gero eta gehiago izan dira: asteartean 300 lagun inguruk eta asteazken gauean 500ek eman zuten gaua zigortutako gazteen ondoan. Zain zeuden. Bidegabekeriaren zain; baina, batez ere, bidegabekeriaren aurka.
Egunotan, beren jarduera politikoagatik zigortutako gazteen inguruan, horien babeserako antolatutako harresi bizia, lehenik, elkartasun erakustaldi erraldoi eta ederra da. Alde horretatik, baina, ez da fenomeno berria elkartasuna tradizioa den herri honetan. Hala ere, elkartasuna herri harresi bihurtzea garai berrian mamituz doan dinamika da, herritarren eta Estatuko erakundeen arteko distantzia handia nabarmendu eta distantzia horren ondorioen aurrean ez ikusia ez egiteko konpromisoa adierazten du. Donostiako Aske Guneak desobedientzia zibilaren balioa eta zilegitasuna begien bistan jarri ditu, eta horrelako herri ekimenak eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokaren erakusgarri eta eredu dira.
Aurore Martin Ipar Euskal Herrian, Ekaitz Samaniego Gasteizen, Oiartzualdeko, Ezkerraldeko, Iruñerriko eta Euskal Herriko bazter guztietako gazte andana eraman zituzten, baina euskal gazteriaren aurkako jazarpen bidegabearen aurkako sentimendua handitu eta handitu ari da. Egunotan Donostian erakutsi bezala, herritarren elkartasuna, kezka, babesa, konpromisoa egunean baino egunean, orduan baino orduan, handiagoak, nabarmenagoak dira. Giza harresiaren metafora egiazkoa bihurtzeraino.
Agian Donostiako gazteak ere atxilotuko dituzte -beharbada edizio hau argitaratzerako atxilotu dituzkete-, baina aurrerantzean ez da berdin izango. Aske Guneak hausnarketarako mugarri izan behar du eskubide zibil eta politikoen defentsaren garrantzian sinesten dutenentzat eta, batez ere, eskubide urraketa tresna politiko gisa erabiltzen dutenentzat. Izan ere, herri honetatik beste gazte bat erauzten dutenean, gogoan izan beharko dute euren eta herritarren arteko distantzia handitzen ari direla. Eta badakite, halaber, herritarrak zain izango dituztela, eta ez, Kavafisen poemako greziarrak ez bezala, harrera ona egiteko, hain zuzen.