EUSKAL HERRIA ZUZENEAN FESTIBALA
Arrosatik Lekornera, hemezortzi urtez aldarrikapen doinuak zabalduz
Ekainaren 28, 29 eta 30ean izango da Euskal Herria Zuzenean, Lekorneko Garroa jauregian. Aurtengo XVIII. ediziorako jaialdiak iraganarekin zubiak eraiki nahi izan ditu, beti ere, aldarrikapenak 2013ko gizartean kokatuz. Arrosako zolatik Garroako soroetara, antolatzaileek EHZ musika festibal soila ez ezik, biharko Euskal Herriko gizartea eraikitzeko gunea ere badela aldarrikatu zuten atzo. Apirilaren 25etik goiti emanen dute egitarau osoaren berri.
Ainize BUTRON | BAIONA
Lekuz aldatzearekin batera, Euskal Herria Zuzenean jaialdia irudi berritu batekin agertuko zaigu datorren ekainaren 28, 29 eta 30ean Lekornen.
Arrosako zolatik Idauze Mendira, eta handik Heletara igaro ondotik, XVIII. edizioa Lekorneko Garroa jauregian lekutuko da. Hala, urte luze horietan festibalean aritu diren laguntzaile eta antolatzaileekin zubia eraiki nahian, EHZren antolatzaileek, azkarki, Arrosatik datorkien «ondarea» aldarrikatu nahi izan dute.
«Hainbat belaunaldi ibili dira festibalean, eta gu gara horren ondarea edo fruitua», nabarmendu zuen atzo Eneko Etxegarai lehendakariak. «Herrien Eurorocka World Konpainien aurka» eta «Elkarrekin herria eraiki dezagun» Arrosaren garaian zabaldu lemak beren egin dituzte egungo antolatzaileek, EHZ ez dela beste edozein «musika festibal bezalakoa» aldarrikatzeko. Halere, argi utzi zuten aldarrikapenak «2013ko Euskal Herriko gizartearen perspektibetan» finkatuko dituztela.
«Beste gizarte eredu bat proposatzen den heinean, bizipen oso bat proposatzen da. Norberarenetik kolektibora pasatzen gara», ohartarazi zuen Etxegaraik. Euskal Herriarentzat beste gizarte eredu bat sortu nahi dute EHZ jaialdiko antolatzaileek hiru egunez Garroako soroetan, euskaraz, elkartasunez, herritarrek eraikia, antikapitalista eta internazionalista.
Alternatiben munduan murgiltzeko, bere garaian Arrosa zen bezala, festibalak «ametsari bizia eman nahi dion edonori» ateak zabaldu nahi dizkio. Festibalaren jatorriarekin lotura egiteko duten nahikeria hori Willis Drumond eta Fermin Muguruzak landu kantuarekin ere hezurmamitzen da, aurretik festibalak ezagutu duen abesti bakarra, Aire Ahizpek EHZrentzat sortutako «Arrosako zolan» baitzen. Leku aldaketarekin sortzen den «garai berria» kantu bati lotu nahi izan diote, beraz.
«EHZk orrialde berria irekitzen du, eta horrekin elkartasun deialdi bat, biharko festibala elkarrekin eraiki dezagun», esan zuten. Musikalki zuzena den «Herri sorta» izena du Willis Drummond taldeko kideek landu duten abestia.
Bideoklip parte hartzailea
Jurgi Ekiza da kantuaren egilea, eta EHZk egin eskakizuna beraientzat «ohore bikoitza» dela nabarmendu zuen: taldekideak hasieratik festibalaren jarraitzaileak izan baitira, eta, bestalde, Fermin Muguruzarekin aritu direlako. «95ean, Fermin ikusi nuen lehen aldiko Baionan, festibala bultzatzeko egin zen aurreko kontzertu batean. Horrek bultzatu ninduen euskara ikastera», esan zuen Ekizak. Kantua laguntzeko, «elkarlana eta elkartasuna» islatzeko xedez, bideoklip parte hartzailea eraikitzeko deialdia zabaldu zuten atzo. Bakoitzak bere herri edo eskualdean egiteko parada du. Euskal Herriaz duten irudia, «z» hizkia erabiliz, argazkitan hartu beharko dute eta EHZra bidali.
Azkenik, «auzolana» gai nagusiaren ildotik, jaialdian auzokideen topaketak antolatuko dira. Euskal Herrian auzolanaren inguruan eramaten diren esperientzia ezberdinak elkartu nahi dituzte bertan, eta, horretarako, elkarte eta mugimendu oro deitu zituzten beraien lanak aurkez ditzaten hurbiltzera.
Egitarau osoa apirilaren 25ean plazaratuko dutela jakinarazi zuten atzo. Oraingoz, EHZn Jimmy Cliff, Keny Arkana, Fermin Muguruza, Etienne de Crecy, Anestesia, Belako, Zoluak, Itziarren Semeak, Herri Oihua, Iheskide eta Willis Drummond musika talde eta kantariak izanen direla iragarri dute.
Herri hunek ditu mila kolore, ehunka herri, hainbat auzo ere... muga bat erdian, sei uniforme... normala ote?
Errege bat, 11 lehendakari, zenbat erakunde? Zenbat alderdi? Ta denak herriaren ordezkari? ba al da zilegi?
Hiru hizkuntza, baita gehiago ere, aberats gaitezen pobretu gabe: Europako hizkuntza zaharrenari eman diezaiogun merexi duen lekua!
Mila tresna eta mila erritmo, kanta bakoitzean oihu bat dago, bizitza borroka bat delako... bizitza besta bat delako....
Bat egiten gaituena ez da historia, proiektua da, Herri hori zurea da ere
senditzen bazara horren parte
Parte hartuz, parte izan
HERRI BAT ZUZENEAN
irrikitan, irakitan, sutan
HERRI BAT ZUZENEAN
borroka ta besta koropiloan
HERRI BAT ZUZENEAN
neurritasunean gehiegikerian
HERRIa ZUZENEAN
Inperioaren funtzionamenduak sortu du ezaxolaren armada. Haien arauak ez dira gureak egarri gira oino!
Herri hunen sorta jastatzeko ala bere zaporeaz horditzeko Garro jauregian hitzordua dago Euskal Herria Zuzenean
Itxura'ta norgehiagoka, ez da hori gure jokoa.... auzolanaz dira eraikitzen,
nahi ditugun herri'ta munduak
Parte hartuz parte izan
HERRI BAT ZUZENEAN.......
Lagunekiko karkarretan
HERRI BAT ZUZENEAN
amodio, sexu, ala biak betan
HERRI BAT ZUZENEAN
eztabaida ezin adostuetan
HERRI BAT ZUZENEAN
koropilatzen diren mihietan.