GARA > Idatzia > Kultura

Eddi Reader eskoziarrak kontzertua eskainiko du Baluarten Musiketan zikloaren barruan

Jaialdia amaitzear dago, baina oraindik hiru apustu indartsu gelditzen dira. Horietako bat da Eskoziako Eddi Reader folk eta pop kantaria. Gaur, 20.00etatik aurrera, arituko da Iruñeko Baluarte entzunaretoan.

p047_f02.jpg

GARA | IRUÑEA

Eddi Readerrek, folka, popa eta musika akustikoa nahasten dituen musikari eskoziarrak, kontzertua eskainiko du gaur iluntzean Iruñeko Baluarte entzunaretoan, Musiketan zikloaren baitan.

Readerrek Glasgowko kaleetan hasi zuen bere ibilbide profesionala eta Eskoziako folkaren egoera aztertu ostean, mundu osoan barrena ibili zen kale ikuskizunetan emanaldiak eskaintzen. 80ko hamarkadaren hasieran Londresera joan zen eta bertan berehala egin zen ezagun. The Waterboys, Billie McKenzie, The Gang of Four, The Eurythmics eta Alison Moyet artistekin aritu zen Fairground Attraction taldea osatu zuen arte.

Euren lehenengo albumarekin zenbait herrialdetan goia jo ostean, taldea desegin egin zen eta Readerrek bakarkako lanari ekin zion. Orduz geroztik hamar disko eman ditu, bai eta zuzenean grabatutako beste zazpi lan ere.

Musiketan-eko azkenak

Honakoa hamabigarren emanaldia da, eta beste bi gelditzen dira kontzertu sorta amaitzeko. Maiatzaren 4an izango da hurrengo topaketa Musiketan jaialdiaren baitan. Orduan Kuunkuiskaajat bikote finlandiarrak eskainiko du kontzertua. Maiatzaren 18an, berriz, Phil Cunnigham & Aly Bain musika zelta jotzen duen taldea arituko da zikloari amaiera emateko.

Eddi Readerren kontzerturako sarrerak 13 euroan daude salgai eta ohiko saltokietan eros daitezke. Alegia, www.baluarte.com webgunearen bidez, 902 150025 telefonoan edo aretoan bertan. Nafarroako Unibertsitateko ikasleek, ordea, 3 eurotan eskuratu dezakete sarrera Aularioko Ekintza Kulturalen bulegoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo