GARA > Idatzia > Mundua

AEBek 200 bat soldadu bidaliko dituzte Jordaniara, Siriako gatazka dela-eta

Ameriketako Estatu Batuek 200 bat soldadu bidaliko dituzte Jordaniara segurtasun indarrei sostengua emateko. Bestetik, Baxar al-Assad presidente siriarrak gerra Jordaniara iritsiko dela ohartarazi zuen eta talde armatuei entrenamendua eman izana leporatu zion Ammani.

GARA |WASHINGTON

Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa idazkariak, Chuck Hagelek, aditzera eman zuenez, Jordaniara soldadu gehiago bidaliko dituzte segurtasun indarrei laguntza emateko. Joan den urtearen amaieran, militar talde bat bidali zuten biolentzia Siriara zabaldu ez zedin. «Jordaniako Segurtasun Indarrekin batera lan egingo dute beraien gaitasuna hobetzeko eta egoera desberdinen aurrean erantzuteko gai izan daitezen», esan zuen.

Arma kimikoen mehatxua dela-eta, Jordaniari babesa ematea izango da indar estatubatuarren zeregina, beste batzuen artean.

«AEBetako Armada prest dago Jordaniaren interesak eta eskualdearekin ditugun segurtasun konpromisoak betetzeko», nabarmendu zuen. Bi herrialdeak aspaldiko aliatuak dira.

Jordaniako Informazio ministroak, Mohamad al Momanik, zehaztu zuenez, «hurrengo asteetan 200 soldadu iritsiko dira gure segurtasun indarren prestakuntza maila areagotzeko, Siriako egoerak egunetik egunera okerrera egiten baitu».

Haguelek Washingtonen politikaren ildoak berretsi zituen; «aliatuekin eta Siriako oposizioarekin lan egin; laguntza humanitarioa eman, biolentziaren amaiera azkartu eta trantsizio politiko bat lortzea».

Bere hitzetan, Siriarentzat, baita eskualdearentzat ere, «irtenbide onena aldez aurretik negoziatutako trantsizio politiko bat da». AEBak nazioarteko komunitatea «mugitu» nahian dabiltzala gaineratu zuen. Helburua, Al-Assaden Gobernua «zokoratzea» dela plazaratu zuen. Horretarako, Siriako Iraultzaileen eta Oposizioko Indarren Koalizio Nazionalarentzat sostengu handiagoa eta nabariagoa lortu nahi dute. Oposizioari 117 milioi dolar emango dizkiotela esan zuen. «Laguntza hori ez da hiltzeko edo minik eragiteko erabiliko. Sendagaiak edo komunikazio ekipamenduak erosteko erabiliko da diru hori», aipatu zuen.

Bestalde, presidente siriarrak Al Ijbariya kate ofizialarekin eginiko elkarrizketa batean Siriak pairatzen duen gerratea Jordaniara ere zabalduko dela ohartarazi zuen. Talde armatuei entrenamendua ematea eta «milaka errebelderi» Sirian sartzea erraztu izana egotzi zien; «sutea ez da Siriara soilik mugatuko. Mundu guztiak daki Jordaniak gurea bezalako krisia bizitzeko arriskua duela», adierazi zuen.

Al Momanik ez zituen adierazpen horiek baloratu nahi izan. «Egoera aztertzen ari gara eta oraingoz ez dugu deus ere esango». Argi utzi zuen ere esku-hartze militar baten alde daudela eta «odol isurketa eteteko konponbide politikoa» eskatzen dute «zin-zinez».

krisi humanitarioa

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Siriako krisi humanitarioak gainezka egin diela ohartarazi zuen. «Egunez egun, 8.000 siriarrek ihes egiten dute beste herrialde batzuetara eta gero eta pertsona gehiagok behar dute laguntza Sirian bertan. Beharrak ordutik ordura handitzen dira», adierazi zuen Antonio Guterresek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo