GARA > Idatzia > Kultura

Goran Paskaljevicen bukatu gabeko doinuak, Serbiako itxi gabeko zaurientzat

Donostiako Giza Eskubideen XI. Zinemaldia Goran Paskaljevicen «Kad svane dan» pelikulak inauguratuko du gaur. Erretiroa hartu berri duen musika irakasle batek bere gurasoak kontzentrazio esparru batean hil zituztela jakingo du, bere aitak lurperatuta utzitako kutxa bat dela medio. Barruan, bukatu gabeko partitura batekin egingo du topo.

p043_f01_97x136.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Belgrad hirian bertan Senlim deuseztatze eremua dago, sasi artean, abandonatuta. Bigarren Mundu Gerran naziek 6.500 judu eta ehun bat ijito akabatu zituzten bertan gas furgonetak erabiliz. Inork gutxi du Senlimen eta han jazotakoaren berri, plaka txiki bat baino ez dute jarri hildakoen oroimenez. Horien artean ziren Filip David gidoilariaren gurasoak, eta Goran Paskaljevic zinemagileak «Kad svane dan» (Eguna jaiotzen denean) pelikulan jaso du istorioa. Berak inauguratuko du gaur Donostiako Giza Eskubideen XI. Zinemaldia. Victoria Eugenia antzokian izango da 19.00etatik aurrera.

«Iragana onartu beharra dago aurrerantzean hobeto bizi nahi badugu. Herrialde guztien historian daude pasarte ilunak, baina gure belaunaldi berriek ez dakite zer pasatu den eta hori benetan arriskutsua izan liteke etorkizunari begira», esan zuen atzo Paskaljevicek. Izan ere, pelikulan hori ematen du aditzera, gazte serbiarrek nahiago dutela iragana ahaztu edo ezjakintasunean bizi. «Ijitoen aurkako biolentzia oso presente dago Serbian. Eraso egoera batean bizi dira une oro eta pelikulan ere erakutsi nahi nuen egoera hori», gaineratu zuen zuzendariak.

Goran Paskaljevic ezaguna da Donostian. Zinemaldiko epaimahaiko zuzendaria izan zen 2010ean. Hamar urte lehenago Fipresci saria jaso zuen «Vreme cuda» (Time of Miracles) lanagatik eta 2004an Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen «San zimske noci» (Midwinter night's dream) filmarekin. Dagoeneko 30 dokumentalek eta hamasei film luzek osatzen dute bere filmografia. Valladolideko Seminci jaialdian bera da Urrezko Galburu gehien eskuratu dituena, hiru, hain justu.

Humanoa

Misha Brankov musika irakaslea da pelikulako protagonista. Erretiratu berritan bizitza aldatuko dion eskutitz bat jasoko du Belgradeko Juduen Museotik. Bere benetako gurasoek Senlimen lurperatutako kutxa bat topatu dute. Berak ez zekien, ordea, ez adoptatua zenik, ez guraso horiek kontzentrazio esparruan hil zituztenik, ezta bere bizia salbatzeko familia batekin utzi zutenik ere. Kutxa horretan bukatu gabeko konposizio baten partitura utzi dio aitak eta aurrerantzean ezingo du melodia hori burutik kendu, guztiz bukatu arte.

Josemi Beltran jaialdiko zuzendariak azpimarratu bezala, Paskaljevicen pelikuletan humanismoa da ezaugarri nagusia eta kasu honetan ere bai. Serbiarrak protagonista maitagarri bat aurkezten du eta irudi gogorren ordez, giza harremanetara zuzentzen du begirada. Musika ere pelikulako protagonista bihurtzen da, emozioen indarra areagotuz.

«Gaur egungo biolentziari buruzko pelikula bat egin nahi nuen, baina biolentzia hori eta bere egileak erakutsi gabe», azaldu zuen. Maisuak ijito batzuk ditu ikasle moduan eta ospakizun batean dauden bitartean eraso bat jasaten dute, esaterako. «Baina ez da ikusten nork erretzen duen ijitoen txabola eta pelikula estreinatu zenean, Kultura Ministeriotik galdetu egiten zidaten ea nor den eraso horren egilea. Nik martetarrak zirela erantzun nien». Pelikula estreinatu eta hiru egunetara ijito auzo batean beste sute bat egon zela salatu zuen.

Izan ere, «Kad svane dan» Oscar sarietan Serbia ordezkatzeko aukeratua izan bazen ere, serbiarren aurkakotzat jo dute bere herrialdean bertan. Zuzendariaren esanetan, bertako Gobernuak nola edo hala «ekidin egin nahi du `serbiar' hitza erasoak egiten dituztenak izendatzerakoan. `Hooligan'ak izan direla esaten dute eta nire galdera da, nondarrak dira hooligan horiek? Martetarrak?».

XX. mendearen azkenengo hamarkadan izandako gerran berriro zabaldu zuten Senlim, eta guztira 20.000 hildako eragin dituela kalkulatzen da. Gaur egun, abandonatuta eta erdi ezkutuan jarraitzen du. Pelikularen aitzakian, «agintariek memoria gune bat egingo dutela esan dute, baina ez dut uste ikustera iritsiko naizenik», esan zuen Paskaljevicek. «Biktimen gehiengoa juduak ziren eta ez dituzte serbiartzat hartzen. Titoren garaian ospatu izan zen alemanen aurkako garaipena, baina omendutako biktimak beti partisanoak izan dira».

EZJAKINTASUNA

«Herrialde guztien historian daude pasarte ilunak, baina gure belaunaldi berriek ez dakite zer pasatu den eta hori benetan arriskutsua izan liteke etorkizunari begira», ohartarazi zuen Paskaljevicek.

ERASOTZAILEAK

Gobernuak «ekidin egin nahi du `serbiar' hitza erasoak egiten dituztenak izendatzerakoan. `Hooligan'ak izan direla esaten dute eta nire galdera da, nondarrak dira hooligan horiek? Martetarrak?».

«Checkpoint»-ak Kosovotik eta gay desfilea Belgraden

Giza Eskubideen XI. Zinemaldiko lehenengo eguna Balkanetara begira egongo da. Goran Paskaljevicen filmak inauguratuko du jaialdia eta ondoren beste bi lan ikusteko aukera izango da. 22.30etik aurrera «Kolona» film laburrak Kosovora eramango gaitu. Ujkan Hysaj zuzendariak 1999an, gerra garaian, girotu du bere istorioa. Serbiako checkpoint batean Adamek erabaki latza hartu beharrean ikusiko du bere burua: bere semea edo anaia salbatu. Ondoren, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko «The parade» film luzea proiektatuko da. Srdjan Dragojevic zuzendariak Serbiako gay bikote baten istorioa kontatzen du. Belgraden «harrotasunaren desfilea» antolatu nahi dute, baina 2001ean egindako saiakera odolez zikindutako gertakari larriekin bukatu zen. Oraingoan ere, talde neonazi eta nazionalistek beste sarraski batekin mehatxu egin dute. «Kad svane dan»-ek gaztelaniazko azpitituluak izango ditu eta gaueko bi filmek, berriz, euskarazkoak eta ingelesezkoak. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo