GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako Udalak 20,8 milioi euroko ekintzak gauzatuko ditu

Iazko likidazioak emaitza positiboa eman du: milioi bat euroko superabita eta hobekuntza aurrezpen eta zor indizeetan. 20,8 milioi eurotik %80 ekinbide zehatzetan inbertituko ditu Udalak.
p016_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostiako Udalak 20,8 milioi euroko ekintzak gauzatuko ditu, 2012ko kontuen likidazioaren emaitzari esker. Asteartean bertan aurkeztu zuten likidazioa eta orduan adierazitakoaren arabera, emaitza positiboa izan da: milioi bat euro baino gehiagoko superabita eta hobekuntza aurrezpen eta zor indizeetan.

Hortaz, 2012ko aurrekontuan gastatu gabeko 20,8 milioi euro gehiago izango ditu Udalak. Horri esker, Jabi Vitoria Ogasun ordezkariak atzo azaldu zuen 2013an egikaritu daitekeen gastua igo egin dela, martxoan onartutako aurrekontuan jasotzen den 358 milioi eurotik 378 milioira.

Orotara, 20.849.821 euro gehiago izango dira gastuetarako. Kopuru horren %80,6 inbertsioetara bideratuko ditu, eta gainerakoa, gastu arrunt eta transferentzietara.

Josu Ruiz bozeramaileak hainbat ezaugarritan jarri zuen arreta. Lehenik, gogorarazi zuen onartutako aurrekontuekin ari direla lanean. «Azentua gastu sozialean jarrita», superabit hori baliatu beharra dagoela adierazi zuen. Azkenik, sei milioi eurotik gora dituen ekonomia pizteko plana aipatu zuen.

«Gobernuaren asmoa -gaineratu zuen- soberakin guztia gastatzea da. Ez dugu aurreztutakoa kaxan gordeta edukiko. Erantsi guztiak egikarituko ditugu».

Egingo diren lanetako batzuk

Kopuru handia dela iritzita, 20,8 milioi euro horiek eta erantsitako ekarpen horrek guztiak «hiriari eta donostiarren eguneroko bizimoduaren kalitateari zuzenean» eragingo diela adierazi zuen Ruizek. Horretarako, soberakin horien %80 ekinbide zehatzak diren inbertsioetara bideratuko dituzte.

Hauek dira erantsitako ekimen garrantzitsuetako batzuk: San Telmo museoarentzat 765.878 euro, eginda dauden obrak likidatzeko erabiliko dira. Ubako aterpetxean, hobekuntza batzuk egingo dira, 253.303 euroko partidarekin. Gros auzoan Peña y Goñi kalea oinezkotzako bihurtzea (248.707 euro), Intxaurrondo, Zorroaga eta Aiete auzoetako kaleko argiteria hobetzea (325.127 euro) edota estolden saneamendua (2.809.324 euro).

EAJ ez dago ados

Bilduren Udal Gobernuak iragarritako neurriekin ez zen ados agertu Donostiako EAJ, eta koalizioari leporatu zion hiriarentzat guztiz garrantzitsuak diren inbertsioak geldiarazi dituela eta oso beharrezkoak diren ataletan, hala nola kaleko garbiketan eta gizarte politikari dagozkion programetan, gastua murriztu duela.

Jeltzaleen aburuz, alde batera utzi diren proiektuen artean daude, besteak beste, Eskuzaitzetako urbanizazioa (5,4 milioi euro), Julimaseneko urbanizazioa (1,5 milioi euro), edota Kursaal auditorioa handitzea (200.000 euro).

bide onetik

Jabi Vitoria Ogasun ordezkariaren hitzetan, «bide onetik» doa udal gobernua, eta esan zuen gastu ahalmena handiagoa dela «hiriak behar dituen gauzak egiteko».

INBERTSIOAK

Ondasunei eta zerbitzuei dagokienez, Udalak aurreikusitakoa baino diru gutxiago gastatu duela ohartarazi dute jeltzaleek. Gazterian, bergizarteratzean eta berdintasunean beste hainbeste egin duela salatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo