Menchu Galen eta bera inspiratu zuten artisten lanak, Kursaalen
Artista orok behar du zertan arreta jarri bere sorkuntza estiloa garatzeko. Menchu Gal irundarra gaztetan hasi zen pintatzen, eta bere bizitza osoan maisu handien eragina izan zuen. Haien eta Menchu Galen lanak alderatzen dira Kursaaleko Kubo Kutxa aretoko erakusketan.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Kursaaleko Kubo Kutxa aretoak udako erakusketa nagusia Menchu Gal artista irundarrari eskainiko dio. Haren bizitzako garai desberdinetako koadroak kronologikoki ikusteaz gain, artistak inspirazioa nondik hartzen zuen jakingo du bisitariak. Estilo asko ukitu zituen pintoreak 13 urte zituela arte ikasketak hasi zituenetik. Bere ibilbide profesionalean artista ugariren berri izan zuen eta, horiei esker, bere sorkuntza artistikoa garatu zuen, 2008. urtean, 90 urte zituela, hil zen arte.
Kutxa Gizarte Ekintzako zuzendari Carlos Ruizek aipatu zuen 1992an Kutxak Garibai kalean duen aretoan Menchu Gali eskainitako erakusketa bat antolatu zuela, baina ordutik bere obrak ez direla Donostiara itzuli. Bere esanetan, atzotik irailaren 1era bitartean martxan dagoen erakusketa merezi du artistak, eta udan zehar «Menchu Gal. Paris eta Madril artean» bildumak 30.000 bisitari inguru izango dituela iragarri zuen.
Aretoan 58 olio-margolan, 6 marrazki, 12 urmargolan eta «Aguafuertes del Norte» sail osoa daude ikusgai. Horiekin batera beste hainbat artistaren 19 obra daude, berarekin harreman zuzena zein zeharkakoa izan zutenenak; esaterako, bere irakasle izan ziren Aurelio Arteta eta Montes Iturriozenak, baita museoetan liluratu zuten Henri Matisse edo Pablo Picassorenak.
Izadi hil, erretratu eta paisaia
Erakusketaren komisario Edorta Kortadik azaldu zuen Menchu Gal oso artista emankorra izan zela eta gai zela arratsalde batean pare bat paisaia pintatzeko. Horien eredu dira Txingudi, Hondarribia, Ipar Euskal Herria edota Baztan irudikatzen duten koadroak. «Paisajista zen batez ere, baina ez esklusiboki -aipatu zuen Kortadik-. Paisaiez gain, natura hilak eta giza-figurak marrazten zituen».
Azken alor honetan, bereziki ospetsua da «Zoroa» deituriko erretratua, bere begiradak transmititzen duenagatik. Erakusketan atentzioa ematen duten beste erretratu batzuk bere ahizpa Mercedesenak eta bere amarenak dira. Komisarioaren esanetan, artistari ez zitzaion arte abstraktua interesatzen, ez baitzion zentzurik aurkitzen, eta eduki edo mezurik gabeko arte figuratiboa ere ez zuen maite.
Aretoa espazio desberdinetan banatuta dago. Lehenengoan tamaina txikiko koadroak daude 1930. eta 1933. urte bitartekoak. «Esan izan da Menchu Galek ez zekiela marrazten», adierazi zuen Kortadik. Egia esan, gutxitan marrazten zuen, gehienetan margotzen zuen heinean osatzen zituelako formak, baina lehenengo espazio horretan egin zituen hainbat marrazki daude. Adibidez, badaude hiru emakume biluziren marrazki soilak -gizonak marraztea ez zitzaion gustatzen-.
Gainerako espazioak gaika daude banatuta, eta artistaren sorkuntza-garaiaren arabera. Esaterako, Picasso eta Daliren erretratuen ondoan Galen beste bi daude, eta Matissen pinturaren alboan, berriz, pintore frantsesak erabili ohi zituen kolore gorri biziak daramaten pare bat koadro kokatu dituzte.