Urquijo, independentziaren aldeko argudio sendoa
Euskal herritarrek munduko autonomia maila handienetakoa dutelako argudioa erruz erabiltzen dute indar unionistek. Ez da Ipar Euskal Herriaren kasua, bistan da, eta Hego Euskal Herriari dagokionez, hedabide espainiarrek sostengatutako propaganda ariketa errepikakorra baino ez da, baina erabiltzen dutenek berek baliogabetzen dute behin eta berriro. Horretan dabil tematuta Carlos Urquijo, Madrilgo Gobernuak EAEn duen ordezkaria, kargu hori hartu zuenetik. Atzo, Gipuzkoako Aldundiak Kanboko Xalbador Kolegioa diruz laguntzeko hartutako erabakiaren aurka helegiteko eskatu zion Estatuko Abokatutzari, Aldundiak dagozkion eskumenak gainditu dituela esanda eta gustu txarreko txantxa bat erantsita: laguntza hori Estatu frantsesari dagokiola. Aurretik, Txillardegi omentzeagatik, gazteei elkartasuna agertzeagatik edo langileei Gabonetako ordainsaria ez kentzeagatik salatu izan ditu zenbait instituzio, beti ere legearen aitzakian. Urquijok inork baino hobeto ordezkatzen duen jarrera nostalgiko horrek, ordea, ez du zer ikusirik inongo legearekin, are gutxiago demokraziarekin. Jarrera hori euskararen, elkartasunaren, herritarren borondatearen eta sentipenen aurkako jazarpen argi eta onartezina da. Jazarpen ideologiko, ekonomiko eta kulturala.
Urquijo bera eta ordezkatzen duen jarrera independentziaren aldeko argudio sendoa dira.