GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi | Kazetaria

Ogibiderik txarrena

Ez du gogoan inoiz beste lanbiderik desiratu izana. Bueno bai, oso gaztetan eta txoroaldi momenturen batean musikari izatea ere amestu baitzuen: gitarra sorbaldan zintzilikatu, headbanging-ari gogotik ekin, eta ahalik eta ozenen orro egin. Agertokiko argipean, lepoa eta eztarria, biak ala biak, izorratzeraino. Slayer, Sepultura edota Metallicako kidea bailitzan. Baina egiari zor, hamalau bat urte zituenetik argi zeukan «zer izan nahi» zuen «handitan»: kazetaria. Halaxe erantzuten zion entzun nahi zion guztiari.

Eta «handitan» lortu zuen burua sartzea ogibidean. Eta egin du bere bidea geroztik: kasik hogei urte beranduago, umetatik egin nahi izan duen horretantxe dabil oraindik.

Bi hamarkada hauetan gauza asko eta asko ikusi ditu aldatzen lanbidean. Eta kazetaritza egiteko modua ez ezik, bera ere aldatu dela ohartuta dago. Edo hala iruditzen zaio. Muina da bere horretan mantendu den gauza bakarra, denboraren erasoari -eta honek ekarri duen eraldaketa teknologiko erabatekoari- eusteko gai izan den bakarra: (bere) egia kontatzeko beharra. Garrantzitsuena, azken batean.

Azken hiruzpalau urtean kezkatuta dabil prentsa idatziaren krisi famatua dela-eta. Baina, agian, animoa gehien erasan diona orain bizpahiru hilabete, larunbatez, liburu-denda batean ikusi eta entzundakoa izan zen. Egunkaria hartu ostean, aurreko bezeroak berea ordaindu arte zain geratu zen, alboan. Erakutsi zuen gizonak kazeta... eta hara: herrian ale bakar bat ere ezetz saldu apustu egiteko modua emango lukeen kabezera ageri-agerian. Eta saltzaileak salneurriaren berri eman dionean, lasai asko bota du erosle «arraroak»: «Egia esan, igual-igual dit zein hartu. Larunbatetan bakarrik erosten dut eta, badakizu, filma dakarrelako».

Lehendik bazekien komunikabideak, oro har, eta kazetariak, izen-abizenekin, prostituitzen zirela. Baita gehiago prostituitzeko eskatzen dien jendea badela ere, zerbitzua ordaintzeko prest. Baina filmarenak min egin dio. Herritarren estimu txikiena duen ogibidea dela jakiteak bezalaxe.

Eta hori guztia gutxi balitz, AEBetako CareerCast.com enpresak 2013ko lanbiderik onenen eta txarrenen gainean egin duen txostenaren berri izan du. Asma ezazue 200eko zerrendan zein dagoen azkeneko postuan. Ez da zaila.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo