GARA > Idatzia > Mundua

Txetxeniako gerra defendatu du Putinek, Bostoneko atentatuen harira

Vladimir Putin presidente errusiarrak atzo esan zuenez, Bostoneko atentatuek agerian uzten dute Kaukasoko gerrillariei gogor egiteko hartu zuen erabakia zuzena izan zela. Bide batez, Ameriketako Estatu Batuei «terrorismoari» elkarrekin aurre egiteko deia egin zien.

GARA |

Bostonen gertaturikoak elkarrekin borrokatzeko beharra berresten duela adierazi zuen atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteak. «Gu ere nazioarteko terrorismoaren biktimak gara. Tragedia horrek hurbildu behar gaitu komuneko mehatxuei aurre egin ahal izateko, eta terrorismoa da garrantzitsu eta arriskutsuenetariko bat», esan zuen kazetariei erantzunez.

Ildo horretan, Ameriketako Estatu Batuei elkarrekin borrokatzeko deia egin zien. «Gure indarrak benetan batzen baditugu, ez ditugu horrelako erasoak pairatuko», plazaratu zuen.

«Errusia izan zen lehenengoetariko bat nazioarteko terrorismoa pairatzen», gaineratu zuen.

Putinek mendebaldeko herrialdeei eta hedabideei kritika zorrotza egin zien, bere garaian Kaukasoko gerrillarien aurrean izan zuten jarrera dela-eta. «Gure terroristak beraientzat matxinoak ziren eta oso gutxitan erabiltzen zuten `terrorista' hitza, nahiz eta Errusia osoan krimen basatiak eta odoltsuak egin. Batzuetan modu zuzenean, besteetan zeharka, laguntza politikoa ematen zieten. Ekonomikoki eta informazioaren alorrean ere lagundu zituzten. Horrek beti amorrarazi nau», salatu zuen.

Bere aburuz, mendebaldeko herrialdeak hitzetara mugatu ohi dira. «Adierazpen soilak ez dira nahikoa; elkarrekin estuago lan egin behar dugu. Hala defenditu dugu guk betidanik. Orain bi gaizkile horiek -Tsarnaev anaiei aipamen eginez- gure tesia zuzena zela agerian utzi dute», adierazi zuen.

AEBetako zenbait politikarik Dzojar Tsarnaev Guantanamora eramatea proposatu izana gaitzetsi zuen. «Erotu al gara? Batzuek gaizkile horri gerra-presoaren estatusa eman nahi diote. Erotu egin dira. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko gerra hasi al da berriro? Tontakeriak eta txorakeriak besterik ez dituzte esaten», helarazi zuen.

Bestalde, bizirik atera zen Tsarnaev anaiak atxiloketaren unean armarik ez zuela jakinarazi zuten AEBetako egunkariek.

Associated Press albiste-agentziari sekretupean eginiko adierazpenetan, zenbait ofizialek 19 urteko mutila ezkutatuta zegoen itsasontzian ez zutela armarik aurkitu eta atxilotua bera armarik gabe zegoela aitortu zuten. Hasierako bertsioen arabera, Poliziaren eta Tsarnaeven arteko tiroketak ordubete iraun zuen eta zarata eragiteko granadak jaurti zituzten ontzitik atera zedin. Lepoaren goialdean eta hanka batean zauritu zuten.

Bostoneko atentatuetako lehergailuak jostailuzko autoen aginteekin detonatu zituztela esan zuen Dutch Ruppersbergerek, Ordezkarien Ganberako Inteligentzia Batzordeko kideak.

navalny

Alexei Navalny opositorearen kontrako auzia «erabat objektiboa» izateko agindua eman duela nabarmendu zuen Putinek. «Hala agindu diet Fiskaltzari eta beste organo batzuei», esan zuen. Navalny, abokatua Putinen kontrako oposizioaren sinbolo bihurtu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo