GARA > Idatzia > Euskal Herria

Presoen egoera konpontzeko eskatu dio Espagnacek Taubira ministroari

Senatu frantsesean Espetxe Legearen eztabaida egiten ari zela profitatuz, PSko Frederique Espagnac hautetsiak euskal presoen egoera konpontzeko eskatu zion Christiane Taubira Justizia ministroari. Taubirak, ostera, ez zuen erantzun zuzenik eman nahi izan.

GARA |

Senatu frantsesean Espetxe Legearen gaineko eztabaida egiten ari zirelarik, Frederique Espagnac (PS) senatariak Christiane Taubira Justizia ministroa interpelatu zuen, berekin bat egiteko eta euskal presoen dosierrean berekin lan egiteko gonbita egiteko.

«Gaia are labainagoa da euskal preso bat Parisko espetxe batean hil berri delarik», esan zuen Espagnacek Xabier Lopez Peñaren heriotza gogora ekarriz.

Euskal auzia era baketsuan konpondu behar dela gaineratu zuen PSko senatariak, «gure Errepublikaren funtsezko oinarriekiko errespetuz».

Alta, Taubirak ez zion erantzunik eman euskal gaiari eta Espetxe Legearen eztabaidarekin jarraitu zuen. Hori bai, osasun arazoak dituzten presoei zigorra arintzearen alde azaldu zen frantziar Justizia ministroa. Euskal presoen artean Taubirak aipatu zuen egoeran da Ibon Fernandez. Esklerosi anizkoitza du eta Lannemezango espetxean da.

Herrira elkarteak Espagnac senatariaren adierazpenak babestu zituen. «Egia da urgentziazko egoera batean garela eta orain konponbide bat atzeman behar dute», esan zuen Herrirak. «Gaur Herrirak sinpleki erran nahi du hitzetatik ekintzetara pasa behar dela, euskal presoen eta horien senideen eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen», gaineratu zuen.

Capbretongoaren epaiketa

Bestalde, Parisko Auzitegi Bereziak Mikel Kabikoitz Karrera eta Saioa Sanchez zigortu ditu, 2007ko abenduan Capbretonen Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hiltzeagatik. Karrerari biziarteko espetxealdia ezarri dio epaileak. Gauzak horrela, gutxienez 22 urte eman beharko ditu kartzelan atzoko epaiaren arabera. Fiskaltzak Karrerari leporatu zion bi guardia zibilak tiroz hil izana.

Sanchezek, berriz, 28 urteko espetxe zigorra jaso zuen. Lege frantsesaren arabera, ezarritako zigorraren bi herenak bete beharko ditu halabeharrez.

Hirugarren epaituak, Asier Bengoak, ez zuen zigorrik jaso epaileek ez zutelako frogatutzat jo Capbretonen izan zenik.

Epaiak adierazten duenez, bi lekukok Karrera eta Sanchez ikusi zituzten Capbretondik ihesi zihoazenean. Bengoa, berriz, ez zuen inork ikusi.

Fiskaltzak ez zuen ez DNA arrastorik ez hatz markarik aurkeztu hiru akusatuak Capbretonen izan zirela frogatzeko. Epaitegira eraman zuen froga bakarra usainean oinarrituko analisia izan zen, baina Bengoaren abokatuak zalantzan jarri zuen hori.

senatuan

Senatu frantseraino heldu zen atzo euskal presoek pairatzen duten egoeraren salaketa. PSko Frederique Espagnac senatariak pausuak emateko eskatu zion Christiane Taubira Justizia ministroari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo