GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aske Gunea, Gasteizko ganberan eztabaidagai

Lander Arbelaitz kazetaria Gasteizko Parlamentuan ager dadila eskatu du EH Bilduk, Aske Gunean gertatutakoa azaltzeko. Maite Iturbe EITBko zuzendariaren agerraldia ere eskatu du, hedabide publikoak gai honi emandako trataeraz hitz egiteko. Elkartasun ekintza ugari izan zen atzo.

p013_f02.jpg

GARA |

Astebete pasata, Aske Gunean gertatutakoak euskal politikagintzaren lehen lerroan jarraitzen du. EH Bilduk Lander Arbelaitz «Argia»-ko kazetariak Legebiltzarrean agerraldia egin dezala eskatuko du, legebiltzarkideek zuzenean entzun dezaten Arbelaitzek Donostiako Bulebarrean jasandako erasoaren gaineko azalpena. Koalizioak adierazi zuenez, ertzainek tratu «onartezina» eman zioten Arbelaitzi, bere lana «libreki egitea eragotziz», Interneteko zenbait bideotan agerian geratu denez.

Ez da hori koalizioak eskatu duen agerraldi bakarra. Maite Iturbe EITB taldeko zuzendaria bertaratzeko ere eskatu dute, komunikabide publikoak Aske Gunearen berri ematean izandako irizpide informatiboak azal ditzan. EH Bilduk salatu zuenez, gaiaren tratamendu informatiboak «agerian utzi du EAJren Gobernuak eskura dituen tresna guztiak erabili nahi izan dituela euskal gazteriak Auzitegi Gorenari emandako erantzuna ezkutatzeko».

Elkartasun keinu gehiago

Aske Gunean atxilotutako gazteek, bestalde, elkartasun keinuak jasotzen jarraitzen dute Euskal Herriko toki ugaritatik. Donostian, zenbait gazte Udaleko plenoan sartu ziren, kamiseta laranjak soinean, auzipetuei elkartasuna adierazteko. Identifikarazi egin zituzten, baina gerora arazorik gabe jarraitu zuten udalbatzan.

Leioako campusean ere elkarretaratzea egin zuten Komunikazio Zientzien Fakultatean, informazio eskubidearen eta iritzi aske eta anitza eraikitzeko sostenguaren alde, eta, oro har, informazio askatasunaren alde.

Araban, berrogei bat gazte Zaballako espetxearen aurrean kontzentratu ziren, auzipetuak aska ditzatela eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo