Graduetako matrikulak finantzatzeko funts soziala jarriko du martxan EHUk
Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza taldeak 2013ko aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu zuen atzo Bilbon. Berrikuntza nagusia graduen matrikulak ordaintzeko sortutako funts soziala da. Helburua, «krisiak eragin ditzakeen ordainketa ezak arintzea».
GARA |
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluko saioa baliatuta, errektoretza taldeak 2013ko aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu zuen atzo. Bertan «aurreikusita zegoen murrizketa ekonomikoaz gain», proposamen berritzailea agertzen da: ikasleen matrikulaziorako diru-funtsa sortzeko aukera.
Unibertsitateak azaldu zuenez, funts horrek lehen eta bigarren zikloko graduetako matrikula ordaintzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzea du helburu.
Hala, egindako proposamenak zentzua izan dezan, Gobernu Kontseiluak bertan behera utzi behar izan du ikasketa horien Kudeaketa Araudiaren 35. artikulua. Horrek dioenez, matrikula osoa edota zati bat ez ordaintzeak beronen berehalako baliogabetzea ekarriko luke eta, noski, matrikulatutako ikasleak ezingo luke klaserik jaso. Arau hori bere horretan mantendu izan balitz, Funts Sozialaren funtzioa indargabetuko luke, berez bi legek talka egingo luketelako, eta epez kanpo utziko lukeelako planteamendu berria.
«Premia larrikoa»
EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak azaldu zuenez, «premia larriko» neurri honek «krisiaren ondorioz egoera ekonomiko larrian dauden zenbait ikasleren ikasketak arriskuan jartzen dituen araua indargabetzen du. Beti defendatu dut inork ez liekeela arazo ekonomikoak direla-eta goi mailako ikasketei uko egin behar. Horretarako, instituzio guztien konpromisoa ezinbestekoa da, eta unibertsitatearena ere bai, noski.»
Bestelako administrazio publikoetan bezala, unibertsitateak murrizketa gogorra jaso du aurrekontuetan. Aurreikusitako diru kopuru osoa % 9,26 gutxituko da, 40,1 milioi euro.
EHUk ere murrizketa nabarmenak izango ditu aurrekontuetan. Aurtengo kontuetan 40,1 milioi gutxiago izango dira. 2012koekin alderatuz, %9,26ko jaitsiera, hain zuzen.