Gernikako sei emakumeren egitasmoak jaso du CAF-Elhuyarren beka berria
GARA |
«Balio berriz balio» izena du proiektuak eta Gernikako sei emakumeren proposamena da atzo CAF-Elhuyarren Zientzia Gizartean Sorkuntza Beka jaso zuena. 5.000 euro jaso dituzte egitasmoa gauzatzeko.
Aipaturiko beka 2012ko CAF-Elhuyarren sarien berrikuntza nagusia da zientzia eta teknologia-dibulgazioko sarion artean. Usurbilen izan zen ekitaldia, lehenengo aldiz, «herritarrekin eta gure inguruarekin elkarlana eta elkarreragina bultzatzeko», argitu zutenez. Ekitaldia Mikel Laboa plazan izan zen, eta Sutegi kultur etxean, sari banaketa.
Beste hiru sari ere banatu ziren atzo. Zientzia-kazetaritza arloko saria Gorka Lopetegi zumaiarrak jaso zuen, «Baleike» herri-aldizkarian argitaratutako «Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat izan zen hasieran unibertsoa» artikuluagatik, eta Isabel Mendizabal tolosarra izan zen beste saridunetako bat. Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria egokitu zitzaion osasun-biologia arloko adituari.
«Galaxiek topo egiten dutenean» izenburuko lanak ere saria jaso zuen. Mikel Querejeta donostiarrak jaso zuen dibulgazio-artikulu orokorraren saria, eta aurreko biek bezalaxe 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jaso zituen.
Merezimendu saria, berriz, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak jaso zuen, Txema Pitarke fundazioaren lehendakariaren eskutik, osasun arloan euskararen normalizazioa bultzatzen 20 urte eman dituen erakundearen lana aitortzeko.