Julio Galarta pintorearen lana babestu eta hedatzeko elkartea sortu dute Arrasaten
GARA | DONOSTIA
Galarta Pintorearen Lagunak elkartea sortu zuten atzo Arrasaten, duela bi urte zendu zen Julio Galarta artistaren izena eta obra ahalik eta modurik onenean babestu eta hedatzeko asmoz.
Galartak, lan egiten zuen lantegiaren baimenarekin, Arte Eder ikasketak egin zituen eta pintatzeari ekin zion. Batez ere, paisaiak pintatzen zituen eta bere modeloa Euskal Herria bera zen. Bere bizitza luzean (1917-2011) milaka koadro margotzeko aukera izan zuen, etxeko paisaietan oinarrituta, baina baita kanpokoetan ere.
Elkartearen aurkezpenean sendiak seiehun koadroetako emate-dohaintza sinatu zuen. Josemari Velez lehendakariak ekarpen hori eskertu zuen: «Oso ondare baliotsua da, lehenik katalogatze lan zabalago bati ekiteko eta jarraian behar bezalako ikerketa lerro bat irekitzeko. Baina horrek ez luke zentzurik izango, dibulgatze lan sendorik gabe». Garaia Berrikuntza Poloarekin ere sinatu zuen hitzarmen bat elkarteak, Galartaren artelanak gunearen gordailuan utziko dituztelako.