GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Jai Batzordeari esker, oso egitarau aberatsa eta erakargarria antolatu dugu aurtengo jaietarako ere»

1_alkatea1.jpg

Kepa Urzelai Goitia
Legazpiko alkatea

Alkatetzara iritsi aurretik, Kepa Urzelai hainbat lanetan ibili zen: postari, garbitzaile, komertzial... Orain bi urtetik, Enpresa Zientzietako diplomadun den alkateak, herriko erronka nagusiei heldu die Udaletik. Herritarren partaidetza bultzatzea ezinbestekoa da Udalarentzat eta horren adibide dira gaur 19.00etan hasiko diren Santikutz jaiak.

Nerea IZAGIRRE | LEGAZPI

Ia bi urte beteko dira alkate kargua hartu zenuenetik. Zein da denbora honetan guztian egin duzun balorazioa?

Oso balorazio positiboa. Legegintzaldi erdia igarota, hainbat proiektu aurrera eramateko gai izan gara. Datozen bi urteetan ere, gure programan jasotako egitasmoekin aurrera egingo dugu. Hala ere, gaur egungo egoera ekonomiko kaskarrak eta Rajoyren murrizketek eragin handia izan dute Udaleko aurrekontuetan. Murrizketa horiek, besteak beste, langileen eskubideak urratu dituzte, eta horrek eragin handia izan du eguneroko lanean. Dena den, oztopoak oztopo, legegintzalditik geratzen zaizkigun bi urteetan aurrera egiteko indar handiarekin gaude, eta betetzeko dugun egitasmo orori buru-belarri heltzeko prest.

Nolako jai eredua bultzatzen duzue Udaletik?

Herritarren parte-hartzean oinarritutako jaiak antolatzea da gure asmoa. Zorionez, herrian elkarte ugari ditugu, oso aktiboak guztiak. Horiei esker, herrian antolatzen diren ekintza zein ekitaldiek bermatuta izaten dute herritarren parte-hartzea. Aipatzekoa da jai egitarau ofizialetik aparte, Legazpiko Gazte Asanbladako eta Gaztetxeko egitarauak ere izaten ditugula. Eta aurten, lehenengo aldiz, presoen aldeko Herrira kolektiboak ere egitarau bat antolatu du.

Nola bermatzen du Udalak parte-hartze hori?

Hainbat arlotako ekintza ugari eginda. Adin guztiei eskainitako egitaraua osatzen dugu. Kirol probak, musika, dantza, ganadu azoka, jolasak, bertsoak, erraldoi eta buruhandiak, maiatzaren 1eko txirrindularitza proba, danborrada, pailazoak, herri bazkariak, pilota partidak... eta beste hainbat.

Zer botatzen duzu faltan santikutzetan?

Hainbat arrazoi direla tarteko, herritik urrun ditugun legazpiarrak botatzen ditut faltan. Ia azkena den, eta berandu baino lehen gure alboan ditugun! Festetako ekitaldiei begira, berriz, gauza gutxi botatzen ditut faltan. Jai Batzordeari esker, oso egitarau aberatsa eta polita antolatu dugu aurtengo jaietarako ere. Ekintza berriak txertatzea ez da lan erraza izaten, baina urtero egiten dugu ahalegina. Aurten, Jai Batzordeak, eta batez ere kultura teknikariak, ahalegin handia egin dute egun osotu bat antolatzeko; zehazki, maiatzaren 4a izango da. Ganadu azokaz gainera, herri bazkaria izango da. Eta tartean, Sagardo Festa, Kale Nagusian.

Krisi ekonomiko bete-betean gaude. Nola eragiten du horrek jaiak antolatzeko garaian?

Ekonomia garrantzitsua da jaiak antolatzeko, ekintza batzuek diru dezenteko inbertsioa eskatzen dutelako. Baina argi dago herritarren parte-hartzerik ez balego, alferrik litzatekeela diru ugari edukitzea eta ekintza handiak antolatzea. Beraz, diru gutxiagorekin ere jai ederrak antola daitezke, baldin eta herritarren parte-hartzea bermatuta badago. Dena den, argi dago krisiak baduela eraginik.

Zero zabor politika bultzatzen duzue Udaletik. Nola islatzen da hori jaietan? Berezitasunik badago?

Udal Gobernura sartu ginenerako, ingurumenari begira errespetuz jokatzeko irizpidea zegoen txertatuta. Gure asmoa, beraz, irizpide hori indartzea izan da. Ondorioz, herrian egiten diren bazkari, afari edo antzeko ekitaldietan, Udalak edalontzi eta plater berrerabilgarriak eskaintzen ditu. Aurten, aurrenekoz, bota behar ez diren mahai tresnen erabilera bultzatuko du Udalak herri bazkarietan. Poliki-poliki jendea ohartarazten ari gara benetako arazoa dagoela, eta ari gara, denon artean, zabor gutxiago sortzearen ideia geure egiten.

Alkate izanda jaiak desberdin biziko dituzu. Gozatzeko tarterik bai?

Bai, beti izaten da gozatzeko tartea. Aurretik, ez neukan egunean zehar egiten ziren ekintzetan parte hartzeko ohiturarik. Orain, berriz, bai. Instituzionalki ere hainbat ekintzatan izatea tokatzen zait, baina bilatzen dut modua gauren batean parrandatxoa botatzeko ere!

Zer da santikutzetatik azpimarratuko zenukeena?

Gauza bakar bat azpimarratzea zaila da. Apirilaren 28an, Dantzari Txiki Eguna izango dugu. 30ean izango da festen hasiera ofiziala. Maiatzaren lehenean, txirrindularitza proba izango dugu. Hilaren 2an, danborrada. Maiatzaren 3a Santikutz eguna dugu. Bertan, ezpata-dantza dantzatzen da, Olaria saria banatzen da, profesionalen pilota partidak izaten dira Urbeltz pilotalekuan, bertsolariak... Hilaren 5ean, berriz, Mirandaola Eguna dugu, bazkari eta erromeriarekin. Aurten, horiez gainera, maiatzaren 4an lehen aipatutako Herri Eguna nabarmendu beharko genuke.

Zein mezu zabaldu nahi zenieke legazpiarrei?

Badakigu garai zailetan gaudela, baina jaiak urtean behin izaten dira, eta disfrutatzeko dira. Beraz, herritar guztiak parte hartzera animatu nahiko nituzke. Nolanahi ere, ororen gainetik errespetua aipatu nahiko nuke, eta are gehiago jaietan. Horregatik, goza dezagun jaiez, baina bizilagunak, ingurumena... errespetatuz. Amaitzeko, ezinbestekoa zait elkarteetako kideek eta oro har legazpiarrek urtean zehar eta jaietan ekitaldiak antolatzeko erakutsi duten konpromisoa dela-eta esker ona adieraztea. Eurei esker dira gure herria eta jaiak diren bezalakoak! Eskerrik asko, denei!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo