GARA > Idatzia > Mundua

Ehungintzako langileek justizia eta segurtasuna exijitu dute Bangladeshen

Bangladeshen ehungintzan lan egiten duten milaka herritarrek protesta egin zuten 380tik gora langileren heriotza salatzeko. Justizia eta segurtasun baldintza hobeak exijitu zituzten. Lantegitzat zuten zortzi solairuko eraikina erori egin zen pasa den asteazkenean.

p022_f01_199x107.jpg

GARA | DHAKA

Ehungintzako milaka langilek lanari uko egin zioten atzo Dhakan, Bangladesheko hiriburuan, 380 lagunen heriotza salatzeko. Mendebaldeko markentzat arropa ekoizten zuten hildako langileek baldintza kaskarretan. Lanean ari ziren zortzi solairuko eraikina pasa den asteazkenean erori zen, egoera kaskarrean baitzegoen.

Atzoko protestan Dhakako Ashulia eta Gazipur barrutietako eta Savarreko -bertan gertatu zen ezbeharra- hainbat lantegi hartu zituzten. «The Daily Star» egunkari bangladeshtarrak adierazi zuenez, ehungintzan jarduten duten zenbait fabriken 200 ibilgailu kaltetu zituzten Savarren. Ashuliako industrialdeko poliziaburuak esandakoaren arabera, 15.000 lagun atera ziren kalera. Justizia eta segurtasun neurri zorrotzagoak aldarrikatzen zituzten manifestarien kontra oldartu egin zen Polizia.

Eroritako eraikinaren jabeari, Mohammad Sohel Ranari, heriotza zigorra ezartzeko, Barne ministroaren kargugabetzeko eta azken urteetan ehungintza tailerrak kokatzeko eraikitako eraikinen segurtasuna ikertzeko ere eskatu zuten.

Oso merkea da arropa ekoiztea Bangladeshen, mundu mailan ekoizpen gastu txikienak dituen herrialdea baita. Langileak, gehienak emakumeak, oso soldata txikiaren trukean lan egiten dute. Hilean 40 dolarretik behera jasotzen dute, nahiz eta fabrika gehienak Mendebaldeko markentzat lan egin. Bangladesheko Ehungintza sektoreko Langileen Federazio Nazionalaren datuen arabera, azken 15 urteetan 600 hildako eta 3.000 zauritu egon dira antzeko istripuen ondorioz. 2012ko azaroan, AEBetako markentzat, tartean Walmart, ekoizten zuen fabrika batean sortu zen suteak 111 langile hil zituen. Langileek beraiek salatu zutenez, nagusiek lanean jarraitzeko esan zieten, sute-simulazio bat besterik ez zela esanez.

Istripu berri honek segurtasun neurrien gaineko eztabaida piztu du. Ehungintza sektoreko Langileen Federazio Nazionaleko presidenteak, Amirul Haque Aminek, Primark, Matalan, Mango, Benetton edo Corte Ingles bezalako markei eskatu zien «langileen segurtasuna bermatzeko eta biktimei kalte-ordainak emateko». «Urtero, milioika euro irabazten dituzte langile horien bizkar. Bada garaia langile horiei justizia bermatzeko, horrelakorik berriro gerta ez dadin», plazaratu zuen Internet bidez zabaldu zuen eskaeran.

«Ezin dugu senideak galdu dituztenen edo zaurituen samina arindu, baina tragediaren ondorioei aurre egiteko lagungarriak diren bitartean, kalte-ordain egokia eman beharko liekete enpresa horiek», nabarmendu zuen. Bere hitzetan, segurtasuna serioski kontuan hartu izan balute, heriotza horiek guztiak ekidin zitezkeen.

Mangok aitortu zuen eraikinean zeuden tailerrekin harremanetan ipini zela , baina oraindik ez zutela arropa ekoizteko akordiorik. Primarkek eta El Corte Ingles-ek beren «tristura» helarazi zuten.

Ordenan detener a un empresario catalán

Las autoridades de Bangladesh han ordenado la detención del empresario catalán David Mayor, director general de Phantom-Tac, una empresa formada por la asociación en partes iguales de Phantom Apparels (Bangladesh) y Textile Audit Company (Estado español), cuyos talleres ocupaban más de 2o.000 metros cuadrados en el edificio derrumbado, Rana Plaza, construido ilegalmente en Savar y que albergaba cinco talleres de costura.

En declaraciones a Europa Press, su madre negó que esté huido y aseguró que vive en Barcelona recopilando «toda la información posible» para ayudar a esclarecer el derrumbe. Su socio, Aminul Islam, fue detenido el sábado, al igual que el propietario del edificio, Mohammad Sohel Rana, un contratista miembro del partido gobernante, detenido en la frontera con India cuando trataba de huir. Ayer fue arrestado su padre en Dacca.

Los fabricantes de ropa se reunieron ayer con representantes de marcas occidentales para hablar sobre las normas de seguridad. «Queremos garantizarles que estamos tomando acciones para evitar una tragedia como esta», dijo el vicepresidente de la Asociación de Fabricantes y Exportadores del sector textil, Shahidullah Azim. GARA

arropa garbia

Arropa Garbia kanpainak El Corte Ingles, Joe Fresh, Primark edo Mango bezalako markei leporatu zien Bangladeshen dituzten langileen segurtasuna ez bermatzea. «Kalte-ordainak berehala ordaindu behar dituzte eta horrelako tragediak ekidin behar dituzte», nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo