GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

comunicado de eta

EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA EUSKAL HERRIARI

 


ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez euskal preso politikoen egoeraren inguruan bere iritzia helarazi nahi dio Euskal Herriari:

Espainia eta Frantziako gobernuek Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kontra ezarrita duten espetxe politikaren ondorioz, azken asteetan gertaera oso larriak ezagutu ditugu. Angel Figueroa eta Xabier Lopez Peñaren heriotzak, euskal preso politikoek pairatzen duten mendekuzko politikaren muturreko adierazleak dira.

Mariano Rajoy eta François Hollande dira, bi gobernuetako agintari goren gisa, Angel eta Xabierren heriotzen arduradun nagusiak, bai eta presoek jasan beharreko sakabanaketa, isolamendu eta zigorrenak ere. Aski da euskal preso politikoen bizitza eta eskubideekin jolasteaz.

Espainia eta Frantziaren espetxe politikak dagoeneko ez dira soilik Euskal Herritik behatzen. Nazioarteko eragile eta instantzia ezberdinak estatuen hainbat erabaki zalantzan jartzen ari dira. Alta, errealitate honek, jarrera aldatzera baino, gehiago ixtera eramaten ditu. Berriki, Espainiako Estatuko ordezkariek Estrasburgon zabaldutako mezuak inkisizio edota frankismo garaietako jarduerak ekartzen ditu gogora.

Sakabanaketa eta salbuespen neurriak, sufrimendu eragile izateaz gain, konponbide prozesua ibilbiderik gabe uzteko dituzte indarrean. Estatuak eta Euskal Herriko zenbait eragile politiko aitzakiak asmatzen ari dira prozesuaren blokeoa errotzeko. Denek, bakoitzak bere diskurtsoarekin, egoera politikoan aldaketa esanguratsurik eman ez balitz bezala jokatzen dute, blokeoaren ardura ezker abertzalearen bizkar gainean jarri nahian. Ildo horretan, iraingarria da mota guztietako erasoak pairatzen ari diren presoei egoera horren errua egotzi nahi izatea.

Euskal preso politikoek jasaten duten egoeraren eta azken gertaera larrien aurrean, PNVren jokabidea ere salatu nahi dugu. Harrigarria suerta badaiteke ere, ez du presoen egoerari konponbidea emateko konpromiso zehatzik hartu. Bitartean, blokeoaren arduradun den Espainiako Gobernuari leialtasun osoa eskaintzen dio. Hobe luke, presoen eskubideen aldeko aldarriak erasotu eta lekuz kanpoko adierazpenak egin ordez, bi gobernuekiko exijentzia maila igo eta euskal gehiengoaren interesekin batera, prozesuan ekarpen positiboak egiten hastea.

Izan ere, euskal jendartearen gehiengoak, konponbide osoaren aldarriaren barnean, euskal presoen Euskal Herriratzea eta salbuespen neurriak gainditzea eskatzen du aspalditik. Aieteko Konferentzia eta ETAk borroka armatuaren amaiera iragarrita, benetako bakea nahi duen edozein eragile eta herritarrentzat zentzuzko hurrengo urratsa hori litzateke.

Une erabakigarrian gaude, konponbide osoa baitago jokoan. Mendeetako gatazka gaindituko bada, ez dago ikusle paperean esperoan egoterik. Euskal preso politikoen egoerari eta blokeo jarrera gotorrei herriaren nahiarekin eta urratsekin aurre egin behar zaie. Euskal eragile eta herritarren presioa areagotzea da gehiengoaren borondatea gutxiengoaren erabakiei gailentzeko bermea.

Azkenik, Xabier Lopez Peña euskal borrokalariaren heriotzak eragin digun samin sakona agertzearekin batera, lagun eta senitartekoei gure doluminik sentituenak eman nahi dizkiegu.

ETAk, sarraski espetxeetan dauden euskal borrokalariek eta haien senitartekoek egunerokoan erakusten duten kuraia goraipatu nahi du. Bihoakie guztiei gure babesik sendoena. Lortuko dugu!

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian, 2013ko apirilean

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo