GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Mugertza II.ak eta Erasunek beste urrats bat egin dute

Jexuxmari Mujika eta Donato Larretxea, berriz, kanpoan geratu dira.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ugaitz Mugertzak eta Ander Erasunek lortu zuten atzo Lazkaon Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Ohi bezala, atzo ere jendetza batu zen Lazkaoko plazan saioa ikustera.

Lau aizkolari neurtu ziren, eta bakoitzak bost lan ezberdin egin behar izan zituen. Lehen lanean 45 ontzako enborra ahalik eta kolperik gutxienean ebaki behar zuten, eta lau aizkolarietatik hiruk, Mugertza II.ak, Larretxeak eta Mujikak, 30ean ebaki zuten. Erasunek, berriz, zazpi kolpe gehiago behar izan zituen.

Erasun lehen lanean azkena izan zen, baina bigarrengoan bera izan zen onena. 45 ontzakoa ebaki behar izan zuten erlojuz kontra, eta Aurtizko gazteak 41 segundo behar izan zituen enborra erdibitzeko. Mugertza II.ak 45 segundo behar izan zituen, 48 Mujikak, eta Larretxeak 51 behar izan zituen.

Hirugarren lanean ere 45 ontzakoa izan zuten aizkolariek aurrez aurre, baina oraingoan enborra zutik jarrita, eta horrek zailtasunak areagotzen zituen. Donato Larretxea izan zen lau aizkolarietan azkarrena; enborra minutu eta hamar segundoan bota zuen. Bigarren, berriz, Ugaitz Mugertza sailkatu zen, lau segundo gehiago behar izan zituen arren.

Hirugarren postuan Ander Erasun sailkatu zen, eta honek minutu eta 39 segundo behar izan zituen, eta azken postuan geratu zen Jexuxmari Mujika. Ibarrakoak bi minutu eta 5 segundotan amaitu zuen enborra.

Laugarren lanean, 60 ontzako enborra bota behar zuten aizkoariek, eta Donato Larretxea izan zen lau aizkolarietan azkarrena. Nafar beteranoak bi minutu eta 40 segundo behar izan zituen enborra ebakitzeko.

Bere atzetik Erasun sailkatu zen, eta nafar gazteak 2 minutu eta 49 segundo behar izan zituen. Atzetik, Ugaitz Mugertza sailkatu zen, eta honek 2 minutu eta 56 segundo behar izan zituen. Azken lekuan Jexuxmari Mujika geratu zen; Ibarrakoak 60 ontzakoa 3 minutu eta 21 segundoan bota zuen.

Iraupen proba

Ekinaldia amaitzeko iraupen proba bakarrik falta zen, eta Donato Larretxea zen orduan lauretan onena. Bazirudien nafarrak hurrengo kanporaketara joateko txartela beretzat seguru izango zuela, baina ez zen horrela izan. Denbora asko pasa zuen azkeneko lanean, eta amaieran azkena geratu zen, lehiaketatik kanpo geratuz.

Bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Onena Mugertza II.a izan zen, eta 12.07 izan zen bere denbora. Bigarren Mujika sailkatu zen, eta Ibarrakoaren denbora 12.12 izan zen. Hirugarren, berriz, Erasun sailkatu zen, eta bere denbora 12.30 izan zen. Azkena sailkatu zen Larretxea, eta 14.22 izan zen bere denbora.

Lan guztietako denborak batu ostean, onena Mugertza II.a izan zen. 17.32 izan zen bere denbora. Bigarren postuan, Ander Erasun sailkatu zen, eta 18.16 izan zen Aurtizkoak egindako denbora. Bi hauek lortu zuten hurrengo faserako txartela. Hirugarren, Mujika sailkatu zen, 18.56ko denbora eginda, eta azkena Larretxea sailkatu zen. Nafarrak 19 minutu eta 33 segundo behar izan zituen denera.

Julen Larreak irabazi zuen 18 urtez azpikoen saioa

Estibalizen jokatu zen atzo 18 urtez azpikoen bigarren jardunaldia. Julen Larrea eta Oier Kañamares neurtu ziren, eta Larreak lortu zuen garaipena. Bakoitzak hiru lan ezberdin egin behar izan zituen, eta denetan nagusi atera zen Larrea III.a. 45 ontzakoa ahalik eta kolpe gutxien emanda moztea izan zen lehen lana, eta hor sei segundo atera zizkion Larreak Kañamaresi. Bigarrengoan, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki zuten, eta hor hamalu segundo kendu zizkion. Azkenekoan, hiru 45 ontzako ebaki zituzten, eta hor 38 segundoko tartea lortu zuen. Lan guztiak 10 minutu eta 2 segundoan amaitu zituen, eta 11 minutuan, Kañamares IV.ak. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo