kronika | «eskultura bidexka» erakusketa
Marmau errekaren inguruan, artea eta naturaren handitasuna bat eginda
Europako eta Euskal Herriko 26 artistaren eskulturak daude ikusgai datorren irailaren 1era arte Hazparne gaineko Elizaberri auzoan. Artea deskubritzearekin, Marmau erreka inguruko 7.000 hektareako naturgunea babestu eta duen balioa handitu nahi dute antolatzaileek.
Ainize BUTRON
«Leku hau denona da eta, halaber, nehorena» esaldiarekin ireki zuen, atzo, Bixente Lohiague Marmau elkarteko lehendakariak «Eskulturak libertatean» erakusketa. Autobidetik Hazparnerako bidea hartu, eta eskuineko bidexka batean sartuz, mendixkaz inguraturiko Elizaberri auzoko naturgunean kokatu dute, irailaren 1era arte iraunen duen erakusketa. Ehun bat lagun elkartu ziren atzo bertan, bost kilometrotan zehar paratutako erakusketa bisitatzeko.
Zerua urdin zegoela, txorien txorrotxioez, kilkerren kantuaz, pottoken irrintziez eta ardien beez inguraturik, Mamau errekaren inguruko bidezidorretan barrena ibilaldiari ekin zioten parte hartzaileek.Hazparneko Armand David lizeoko ikasleek mendixka baten magalean egindako “Kaxu egin/ouvrir l’oeil” land art joerako sorkuntzak ematen die ongietorria ikusleei. Naturaren handitasunaren heinean antolaturiko erakusketak, bidexka, erreka bazter edota pentzeen erdian kokaturiko 26 eskultura ezagutzeko aukera ematen du.
Obrak barreiatuta
Orotara, sei herri ukitzen dituen 7.700 hektareako lur eremua hartzen du irailaren 1era arte bertan egongo den “Eskultura libertatean” erakusketak. Hain zuzen, Hazparne, Milafranga, Jatsu, Haltsu, Beskoitze eta Mugerre herriak zeharkatu daitezke ibilaldian.
Bixente Lohiague lehendakariak honakoa argitu zuen: «Azkenengo hogei urteotan laborantzan eta etxebizitzen eraikuntzan bilakaera handia izan da inguru honetan.
Hala, ehiztari, laborari eta oro bat gunearen erabiltzaileekiko begirunez, Euskal Herriko zein Estatu frantseseko eta Suitzako 26 artistaren obrak zuhaitz edo harri koskorren modura lurrean errotu dira lau hilabeterako.
Bastidako Pascal Billarden “Chasseur de prise” (Harrapakin ehiztaria) kareharriz eginiko eskulturak irekitzen du ibilbidea. Artista bertan zegoela-eta, ehiztari hegalari baten itxura daukan obrak «airatzeko lau hilabete» dituela esan zuen.
Izan ere, Regis Pochelu Hazparneko zizelkaria izan dute lagun, artistei parte hartzeko deialdia zabaltzeko. «Artisten sarean zabaldu du deialdia, eta, orotara, 32 artista profesionalek erantzun dute», argitu zuen lehendakariak.
Horien artean, Suitzako Pascal Liengme dago, “Bestige” izeneko harrizko eskulturarekin. Marmau elkarteak gai zehatzik ezarri ez bazien ere, erakusketan parte hartzen duten artista gehienek naturari loturiko gaia jorratu dute proposaturiko zizel lanetan.
Bastidako Jean Yves Behoteguy, Thierry Corrieras eta Isabelle Omer, Bidarteko Nico Raddatz eta Biarrizko Phil Totem artistek parte hartzen dute, besteak beste, ekimenean. Zurez edo harriz eginak, bisitariek bertan zeuden eskulturak ukitu, usaindu eta hurbiletik begiratzeko aukera izan zuten.
Ondoko lau hilabeteetan, artearen eta naturaren omenez irekitako erakusketa honek beste diziplina artistikoei ateak irekiko dizkio. Dantza garaikidea, euskal dantza, bertsolaritza eta musika klasikoko ikusgarriak preziatzen ahalko dira Marmau errekaren inguruko mendixken magalean.